Bi ardatz nagusi ditu Gari Berasaluze (Getaria, 1975) eta Sergio Ruiz G. Txabarri Sergek (Zarautz, 1975) elkarlanean plazaratutako lanak: bakarka disko bat egiteko Sergen grina eta Berasaluzek duela urte batzuk kaxoian sartutako zenbait poema.
Izan ere, sare sozialen mundua oraindik puri-purian ez zegoenean, Berasaluzek noizbehinka poemak igo ohi zituen fotologera eta bere Malekoia blogera. Behin 35 poema inguru bildu zituenean, beka batera aurkeztu zituen, baina ez zuen lortu aipatu beka, eta hantxe gelditu zen proiektua, kaxoian.
Bidegurutzea eta bira
Patua aldatu zitzaien, ordea, duela 10-15 urte idatzitako poema haiei, Sergek Berasaluzeri proiektu berri bat proposatu zionean. Eraso! taldeko musikaria da Serge, eta taldearekin zazpi disko plazaratu ostean, bakarka zerbait egiteko gogoz zebilela azaldu zion. "Bestelako zerbait egiteko grina neukan, biluztu nahi nuen". Biluztu nahi horretatik dator, hain zuzen, aukeratu duen izen artistikoa. Sergio Ruiz G. Txabarri da izenez, baina azaldu du "familiakoek soilik" deitzen diotela hala. Gainontzekoentzat, Serge da bera. "Nor naiz ni? Galdetu nuen. Ni Serge naiz, eta hortik sortu zen izen artistikoa".
Txikitatik ezagutzen dute elkar biek ala biek, eta Sergek Berasaluzeren idazteko moduarekiko zuen miresmenagatik proposatu zion elkarlana. "Asko gustatzen zait Garik nola idazten duen, oso gramatika askea erabiltzen du". Berasaluzek, ordea, hamaika saltsatan itota zebilela eta, ez zion elkarlanari guztiz heldu, "estimatzen" zuela, baina ezetz. Horren ordez, traste zaharrak mugitzen ari zen batean topatutako poemak eman zizkion, zerbaiterako erabilgarri izanez gero lasai erabiltzeko baimena emanez.
Prozesu horren fruitua izan da Enarak itzuli dira lana. Sergek Berasaluzek emandako 35 poema haietatik zortzi musikatu eta disko batean bildu ditu. Musika gogorra espero dezake zenbaitek Eraso! taldearen joera ezagututa, baina oraingoan doinu "akustiko modernoak"»â€ˆsortu dtu Sergek, "sintetizagailuak erabiliz noizbehinka, pop eta folk ukituekin".
Lana amaitu eta Berasaluzeri zortzi musikatutako abestiak erakutsi zizkionean, erabaki zuten bilduma orijinalean zeuden poema guztiak bildu eta paperera eramatea. "Azken finean, diskoa ez litzateke egongo libururik gabe eta liburua ez litzateke egongo diskorik gabe", azaldu du Sergek.
Aurkezpena, Zarautzen
Urte berean jaiotako bi zarauztarren ibilbideak lan honen ondorioz gurutzatu dira, eta erabaki dute ez dagoela leku egokiagorik lana aurkezteko, Zarautz bera baino. Hori dela eta, kontzertua, errezitaldia, solasaldia eta proiektuaren aurkezpena bilduko dituen saioa prestatu dute biharko. Garoa liburu dendan izango da Enarak itzuli dira lanaren aurkezpena, 19:00etan hasita. Horren ostean, asmoa dute bestelako aretoetan ere lanarekin lotutako kontzertu eta errezitaldiak eskaintzea.
Formatu fisikoaz ez ezik, formatu digitalean ere eskuragarri daude lanak. Sergen lehen bakarkako lana bandcamp plataforman dago entzungai, eta poesia, berriz, booktegi.eusen irakur daiteke.