"Gure ezinegonak herriari helarazi nahi dizkiogu"

Amaia Urbieta Arruti 2019ko mar. 29a, 09:30

Labetik atera berria, Isla fanzinea aurkeztu du Danda Gazte Asanbladak. Beren kezkak eta arduratzen dituzten gaiak "beraien modura" plazaratu dituzte bertan. Arrano, Eguzki eta Mauka tabernetan eskuratu daiteke, baita Garoa liburu-dendan eta Putzuzulo gaztetxean ere, bi euroren truke.

Gazte Asanbladako kide eta proiektu berriaren sortzaile dira Maddalen Etxebeste eta Ibai Sarasua. HITZAri azaldu dizkiote egitasmoaren nondik norakoak.

Nondik sortu zen fanzinea egiteko ideia?

Ibai Sarasua: Danda Gazte Asanbladan bageneuzkan zenbait duda, kezka, eta sentitzen genuen ez geneukala biderik herriarengana ondo iristeko, guk geneuzkan irrika eta gogoak transmititzeko. Erabaki genuen guk esku hartu behar genuela eta guk transmititu behar genuela nahi genuen hori, nahi genuen moduan. Erabaki genuen modu polit bat izan zitekeela aldizkari bat argitaratzea.

Zein da fanzinearen funtzioa?

Maddalen Etxebeste: Funtsean, gazte asanbladan elkartzen garen gazteok ditugun kezkak herrira zabaltzea. Gazte Asanbladan bertan ez geratzea kontu horiek, baizik eta denon kezka egitea eta herritarrekin elkarbanatzea.

Nola antolatu zarete aldizkaria ateratzeko?

M.E.: Aurrena asanbladan bertan atera zen ideia. Gero, behin helburua finkatutakoan fanzinea nola sailkatu pentsatu behar genuen, zein atal desberdinetan. Atalak zehaztu genituenean lanak banatu genituen. Behin lanean hasita, epemuga batzuk jarri genituen, bagenekielako presio apur bat eduki gabe ez zuela funtzionatuko. Behin testu guztiak bildu genituenean, irakurri eta zuzendu egin genituen. Maketatu, inprimatu eta orain lanean ari gara, aldizkaria herrian zehar zabaltzeko. Oraingoz sare sozialen bidez eta ahoz aho ari gara zabaltzen zer den Isla eta nola eskuratu daitekeen.

Gustura al zaudete emaitzarekin?

I.S.: Egia esan, bai. Azala oso polita geratu da, aipamenen bat irakurri dugu sare sozialetan. Hasiera batean badirudi ez dagoela eduki asko, baina guk sortutako testuez gain hainbat eragileren ekitaldiak biltzen dituen agenda bat sartu dugu, baita beste zenbait aldarri ere. Oso gustura gaude emaitzarekin.

M.E.: Dirudienez, badira urte batzuk Zarautzen halako fanzinerik ez zela argitaratzen. Duela urte batzuk izan ziren antzerako proiektu batzuk, eta hain zuzen, horren ingurukoa da egin dugun testuetako bat. Aurrez egondakoekin alderatuta,  uste dut gurea nahiko desberdina dela. Beste itxura bat eman diogu. Gainera, jende askoren artean egindako lana izan da.

I.S.: Testu batzuk kolaboratiboak dira, marrazkiak jende desberdinak egin ditu, maketazioan ere 3-4 lagun aritu gara... Saiatu gara eduki bakoitzean arazo bati edo batzuei heltzen eta guztiak modu desberdinean jorratzen.

Nola eskuratu daiteke?

M.E.: Arrano, Mauka eta Eguzki tabernetan, Garoa liburu-dendan eta Putzuzulo gaztetxean. Herrian egoten diren ekitaldi desberdinetan ere saltzen jartzeko asmoa dugu.

Zein da 'Isla'ren etorkizuna?

I.S.: Printzipioz asmoa bi hilabetean behin ateratzea. Ez dugu oso ozen esango ez dakigulako posible izango den, baina saiatuko gara. Beraz, hurrengoa maiatzerako ateratzea da asmoa. Ikusteko dago ze indar daukagun, eduki eta lan dezente eskatzen baitu ale bakoitzak, baina gogotsu gaude.

M.E.: Ez dugu gehiegi zehaztu hemendik aurrerakoa nolakoa izango den, lehenengoaren ereduari jarraituko dion edo ez... Baina bai, hemendik aurrera erabakitzen hasiko gara hurrengo Islak izango dituen forma, edukia eta abar.