Mende erdi atzera begira jarri dira Udaberri Jubilatuen Elkartekoak

Amaia Urbieta Arruti 2019ko mar. 29a, 12:05

Zarautzen lehen aldiz elkartu eta antolatu ziren jubilatuak omendu dituzte Udaberri Jubilatuen Elkartekoek. Duela mende erdi elkartu ziren bost zarauztar haiek osatu zuten orduko Hogar del Jubilado Zarautz.

1968ra bidaiatu dute gaur Udaberri Jubilatuen Elkartean. Hala deskribatu dute orduko Zarautz: "Basarriren bertsoak entzun zitezkeen Euromarren, Zarautz-Getaria-Zarautz nazioarteko maratoia antolatzen aritu zen Emilio Olazabal, Ana Mari Esnalek irabazi zuen Miss Zarautz txapelketa, lehen emakume txistulariak kaleak alaitzera atera ziren..."

Horien guztien artean, data bat nabarmendu dute: 1968ko azaroaren 28a. Egun hartan, Zarauzko sei jubilatu elkartu eta Hogar del Jubilado Zarautz izango zenaren lehen bilera egin zuten. Omenaldian azaldu dutenez, "ezer gutxi" dakite hastapenaz. Hasierako kide haietako bost agertzen diren argazkia eta lehen bilerako akta berreskuratu dituzte, eta horiek baliatu dituzte gaurko omenaldian.

Juan Balentziaga izan zen lehen lehendakaria, eta harekin batera, Cipriano Gordo Gartzia, Jose Leon Mitxelena Txapartegi, Joxe Ormazabal Maritxalar, Juan Alkorta Etxeberria eta Eusebio Crispillo Kaperok osatu zuten lehen batzorde hura. Gaurkoan, haien oinordekoek bete dituzte beraien aulkiak eta bakoitzari oroigarri bat eskaini diete Udaberrikoek. Ondoren, berreskuratutako lehen bilera hartako argazkia Udaberri Elkarteko horman jarri dute egungo batzordeko arduradunek, bertaratutakoen txalo zaparradapean.

Omenaldi xumeari amaiera borobila emateko, Udaberri Abesbatzakoek kantuz alaitu dute goiza, kontzertutxo bat eskainiz.