Putzuzulok udalbatzarrera eraman du bere kezka

Amaia Urbieta Arruti 2019ko mar. 29a, 13:31
Gaztetxeko kideek udalbatzarraren amaieran hartu zuten hitza. (Amaia Urbieta Arruti)

Martxoko ohiko udalbatzarrean izan dira Putzuzuloko kideak, gaztetxearen etorkizunaren inguruko kezkak azaltzeko. Udal taldeetako arduradunek gai zerrendako puntu guztiak landu ostean, hitza hartu dute.

Bi galdera zehatz egin dizkiote udal gobernuari Putzuzulo Gaztetxeko kideek. Azaldu dute beste batzuen ahotik iritsi zaiela gaztetxearen inguruko eraikinak botatzekotan direla dagoeneko. Horren harira, eskatu diote udal gobernuari "ziurtatzeko" eraisketa lanak hastean "gaztetxearen eraikinak ez duela kalterik jasango eta bertan jarraitzeko aukera izango dugula". Horrez gain, azaldu dute gaztetxearen eraisketaren inguruan ez dutela inongo informaziorik, eta jakin dutela inguruko lokaletako eragileekin irtenbideak bilatzeko asmoak egon direla. Horren aurrean, "Putzuzulo gaztetxeari eta bertan gauzatzen diren egitasmoei irtenbide errealik emateko asmo zehatzik baduten" galdetu diete.

Xabier Txurruka alkateak momentuan erantzun du. Azaldu du nola agintaldiaren hasieran Putzuzulon izan zen, zehazki, Arraio Irratian. Irratiko kideek Txurruka elkarrizketatu zuten eta, bertan, herritarren hainbat kezka eta zalantza argitzen ahalegindu zela azaldu du alkateak. "Kezka haien artean zegoen Putzuzulorekin zer gertatuko zen Salberdineko obrak hasten zirenean. Orduan esan nuen agintaldi honetan ze zela gaztetxea eraitsiko, eta emandako hitza betetzea da nire asmoa".

Etorkizunera begira, inguruko eraikinetan sondaketa lanak egiten hasiak direla azaldu du Txurrukak, "besteak beste, lurraren kalitatea eta kutsadura maila neurtzeko". Adierazi duenez, aurrelanketa hori "beharrezkoa" da eta "ia urtebete lehenago egin beharrekoa".

Azkenik, hurrengo agintaldian berriro alkate balitz, hitz egiteko prest egongo dela esanez burutu du erantzuna alkateak. "Ekainaren 15ean, berriz alkate banaiz, berriro gaztetxera joan, egoera aztertu eta zuekin etorkzuna lantzeko nire borondatea agertzen dut".