Begoña Astiazarani eman diote 'Zarautz Parrilan 2019' saria

Zarauzko hitza 2019ko mar. 30a, 09:55

Atzo eman zioten hasiera Euskal Herriko I. Parrila Lehiaketari Modelo aretoan, parrilaren munduko zenbait hitzaldirekin. Hitzaldi eta hitzaldi artean, Telesforo jatetxeko Begoña Astiazaran omendu zuten.

Telesforo jatetxeko Begoña Astiazarani omenaldi xume bat egin zioten atzo, Modelo aretoan, Zarautz Parrilanen egitarauaren barruan.

Xabier Txurruka alkateak oroigarria eman zion, eta Astiazaranen alaba Oihana Azkuek eta Gure Txokoa jatetxeko arduradunak hitz egin zuten, omenduaren ibilbidea laburbilduz. Biek ala biek erretegia zabaltzearen aldeko apustua goraipatu zuten. Izan ere, duela urte asko San Pelaion erretegi txiki bat zabaldu zuen Begoña Astiazarenek.

Emakume "langilea" eta "eredugarria" izan dela azaldu dute, eta orain jubilatua dagoen arren, familiak Telesforo jatetxearen lekukoa hartu du. Hain zuzen ere, hainbat senide eta lagun izan ziren atzo Modelo aretoan, eta txalo zaparradapean jaso zuen Astiazaranek lehen Zarautz Parrilan saria.

Gaur eta bihar, lehiaketa

Atzo hitzaldiak entzuteko aukera izan zen, eta gaur eta bihar parrila lehiaketak izango dira Munoa plazako karpan. Hemen dago ikusgai egitaraua, osorik.