Araneta erretegiko Joseba Odriozolak irabazi du Zarautz Parrilanen erreboilo txapelketa

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 30a, 13:55

Epaimahaiak hala erabakita, Aizarnazabalgo Araneta erretegiko Joseba Odriozolak irabazi du Zarautz Parrilanen erreboilo txapelketa. Euskal Herriko txoko desberdinetako beste bederatzi parrilarirekin lehiatu da Odriozola.

Erreboiloa izan da gaur Munoa plazako protagonista. Euskal Herriko hamar jatetxe desberdinetako parrilariek Zarautz Parrilanen arrain txapelketan hartu dute parte. Aizarnazabalgo Araneta erretegiko Joseba Odriozolarena izan da epaimahaiaren ustez erreboilorik onena. Hain zuzen ere, Zarauzko Itziar arraindegiko erreboiloak izan dira prestatu dituenak. Odriozolak sinple eta zehatz azaldu du bere sekretua: "kalitatezko produktua izatea eta puntuan egitea".

Gastronomiaren munduko hainbat izen nabarmenek osatu dute epaimahai profesionala. Besteak beste, Martin Berasategi, Jose Carlos Capel, Amaia Ortuzar eta David de Jorgek. Lehiaketan parte hartu duten erretegiak eta parrileroak, berriz, ondokoak izan dira: Zubi-Ondo erretegitik, Gorka Laburu (Zarautz), Amaren erretegitik Aitor Del Olmo (Bilbo), Txakoli jatetxetik Urko Zarazua (Bilbo), Txertena jatetxetik Roberto del Salvador (Gasteiz), Guzurtegi Jatetxetik Marian Uliarte (Maroño), Astigarraga erretegitik Jesus Astigarraga (Lizarra), Arantzako aterpetik Joseba Zugarramurdi (Arantza), Ostalamerretik Hugo Duplaissy (San Juan) eta Barbakoatik Jules Dupouy (Miarritze).

Bihar haragiaren txanda izango da. Ordu berean, beste hamar parrilarik beren trebetasuna erakusteko aukera izango dute. Epaimahai berak hartuko du erabakia, baina oraingo honetan, txuletarik onena aukeratu beharko dute.