Terraza ipintzeko baimenak berrituko ditu udalak

Zarauzko Hitza 2019ko api. 1a, 12:04

Duela lau urte eman zituzten Zarauzko ostalaritza establezimenduei zuzendutako baimen arautuak, espazio publikoa erabili ahal izateko. Ostalariek berriz egin beharko dute terraza ipini ahal izateko eskaera.

Espazio publikoaren erabilerari buruzko udal ordenantzak terrazen auzia ere jasotzen du. Zarauzko Udalak duela lau urte eman zizkien ordenantza horren arabera araututako baimenak ostalaritza establezimendu desberdinei, baina atzo, igandea, amaitu zen baimen horien iraupena.

Terraza ipintzeko baimena berritu nahi duten establezimenduek baimena lortzeko eskaera egin beharko dute berriz, apirilaren 10a baino lehen. Lizentzia berriek ere lau urteko iraupena izango dute. Eskaera egiteko, Herritarren Arreta Zerbitzura (Kale Nagusia, 29) edo Zarauzko Udalaren webgunera (www.zarautz.eus) jo beharko dute interesa dutenek.