"Zaratatik umeak babestea da gure helburua". Hilabeteak daramatzate Orokieta, La Salle eta Lizardi ikastetxeetako arduradunek helburu hori lortzeko ahaleginetan. Diotenez, autobideko trafikoaren eraginez patioan eta kasu batzuetan geletan "zarata handia" egon ohi da. "Nahi duguna da arduradunek arazo hau lehentasun modura hartzea, kontuan hartuta horrenbeste adin txikikori eragiten diela", azaldu du Maite Pardina La Salleko zuzendariak.
Hain zuzen ere, adin desberdinetako 2.000 ikasle ingururi eragiten die autobidearen zaratak. Zarata mapa osatu zenean, neurgailuen arabera 71 dezibelio ingurutara iristen da zarata inguru horretan, eta aldundiak onartu berri duen dekretuaren arabera, 60ra jaitsi beharra dago dezibelio kopurua marra gorria ez pasatzeko. OMSek egindako ikerketa batek, ordea, 53 dezibeliotan jartzen du marra gorri hori. "Horrelako dekretuetako ebazpenak egiteko alde ekonomikoari begiratzen zaio ia beti, eta guk uste dugu osasunari begiratu behar zaiola kasu honetan".
Dekretuan azalduta dago, aldundiak beharrezko neurririk ez balu hartuko, udalak dagokiona egin behar duela arazoa konpontzeko. Kasu honetan, eraikinean egin beharko lituzkete aldaketak; esaterako, leihoetan kristal bikoitza jarri. Honekin ere ez daude guztiz ados ikastetxeak, ordea. "Azken-azken neurria izan behar luke horrek. Leihoak lasai irekita eduki behar genituzke eta patioan lasai jolastu behar genuke".
Trafikoa, zarata eta kutsadura eskutik helduta doazen hiru kontzeptu direla azaldu dute ikastetxeek. Orokietaren kasuan are gehiago eragiten dute, izan ere, bidesarian aldatzen dute martxa ibilgailuek, beraz, horrek zarata, trafiko eta kutsadura gehiago sortzen ditu. Ikastetxeek baieztatu dute kutsadura eta zarata gaixotasun fisiko eta psikologikoak sortzen dituzten ingurumen faktore arriskutsuenak direla.
Arazo honen aurrean ate desberdinak jo dituzte. Azaldu dutenez, 2018an egindako Zarata Mapan ikusteko aukera izan zen zeintzuk ziren zarataren marra gorriak gainditzen zituzten guneak, eta behin horiek identifikatuta, ekintza planak garatzen ari da. Udalak proposatutako ekintza planean ikastetxeek lehentasunezko ekintza eremua izendatzea eskatu dute, 213/2012 dekretuak ezartzen duenari jarraituz.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin jarri dira harremanetan, egoera azaltzeko eta babesa lortzeko helburuarekin. "Gure ustez, osasun arlotik nahiko froga badago aldaketak egon behar direla justifikatzeko".
Pixkanakako neurriak
Ikastetxeek baieztatu dute posible dela legeak baimentzen duenaren barruan egotea autobide inguruko zarata maila, neurri egokiak hartuz gero. Esaterako, Abendañora igarotzeko zubiaren inguruan hasten den lurrezko hesia Orokietaraino luzatu daitekeela iradokitzen dute. "Uste dugu efektu txikiren bat egin dezakeela, haurren tamaina kontuan hartuta". Zarata murrizteko, besteak beste, beharrezkoa izango litzateke autobidetik igarotzen den trafikoaren abiadura murriztea. "Orain 120an dago muga, 80ra jaitsita asko murriztuko litzateke zarata".
Zarata Mapan kaltetuen ateratzen direnak ikastetxeak badira ere, arazoa "gizarte osoarena" dela baieztatu dute. "Gure kasuan txikienei eragiten diete errendimenduan, garapen kognitiboan eta abar, baina loaren arazoa duten bizilagunen arazoa ere oso larria da".