Inguratzen gaituzten botika naturalak

Dorleta Agiriano Lai 2019ko api. 3a, 10:43
Sendabelarrei buruzko azalpenak emango ditu bihar Sara Letamendiak, Zarauzko Merkatu plazan. (Onintza Lete Arrieta)

Landareak eta sendabelarrak aski ezagunak ditu Sara Letamendia aizarnarrak. Olioak, ukenduak eta alkoholak egiten irakasten du, eta Zarauzko Merkatu plazan izango da bihar.

Maiatzean hamahiru urte beteko ditu Zarauzko Arraio irrati libreak. Beroketa lanei heldu diete dagoeneko, eta aurrera doaz urteurrenaren aurreko jardunaldiekin. Bihar sendabelarren inguruko tailerra emango du Sara Letamendia ukendugile aizarnarrak. Arraioko Hankak Lurrean irratsaioko kolaboratzailea da aurten, eta hilabetean behin, landareei eta sendabelarrei buruz mintzatzen da bertan.

Zarauzko Merkatu plazan izango da tailerra, 19:00etan hasita, eta "landareak zertarako eta nola erabili" azalduko du Letamendiak. "Goiz horretan paseatzera aterako naiz, eta garaiko zenbait landare bilduko ditut, jangarriak batez ere, arratsaldeko saiora eramateko".

Aizarnarraren arabera, "jendeak landareak ezagutzen ditu, baina ez beren propietateak, ezaugarriak eta eragin ditzaketen onurak". "Landare asko desagertzear daude. Askotan belar txarrak direlakoan moztu egiten ditugu; bestetan, eraldatu egiten ditugu, beren ezaugarriak ere aldatuz", adierazi du. Esate baterako, asuna odola garbitzeko mesedegarria dela azaldu du, "baina, besteak beste, pikatu egiten duenez, belar txarra dela pentsatzen dugu". Beste zenbait landarek dituzten propietateak ere itzalpean geratu direlakoan dago Letamendia, besteak beste, kardaberarenak, pareta-belarrarenak eta malbarenak. "Naturak ematen dizkigun landare asko zuzenean jan egin daitezke, ezaugarriak bestelakotu gabe".

Jakintza eta oreka

Landareen eta sendabelarren inguruko mendez mendeko jakintza "asko galdu" da: "Baina gaur egun inguratzen gaituena ezagutzeko nahia berpizten ari da". Botikek argi-ilunak dituztela uste du: "Batzuetan sendatzen dute, baina beste batzuetan arazoak ere sortzen dituzte. Inguruan, naturan, badaude beste zenbait aukera; sendatzeko gaitasuna izan dezaketen elementu soilagoak. Ez da beharrezkoa lehenengo unetik medikuarengana edo botika baten bila joatea".

"Medikuak, homeopatak eta, orokorrean, profesionalak gu laguntzeko daude, baina pertsona bakoitza mundu bat gara, eta norberak dauka bere giltza", azaldu du Letamendiak. "Gizarteak gizarte hau mantentzen eta berregiten erakutsi digu, baina gure buruaren oreka lortzea norberak egin beharreko lana da", gehitu du.

"Norberaren baitako oreka bilatzeko eta norbera ezagutzeko" prozesuan, "garrantzitsua da naturarekin kontaktua eta harremana izatea", Letamendiaren esanetan: "Naturak oreka eta lasaitasuna ematen dizkigu". Bide horretan urratsak egiten ari direla dio ukendugileak: "Jendeak kontaktua berreskuratu eta landu nahi du lurrarekin. Izan ere, orokorrean, erabat galdu dugu harremana lurrarekin; gainera, ez bakarrik osasunaren kudeaketari eta elikagaiei dagokienez".

Txikitatik landare artean

Zestoako Aizarna auzoko baserri batean jaio zen Letamendia, eta haurra zenetik ezagutu ditu landareak: "Umetan nik ez nuen jostailurik izan. Guztia egiten nuen landareekin, baita jolastu ere". Lagun batek behin honakoa esan zion aizarnarrari: "Umetan zerrekin jolasten genuen ikusita asmatu dezakegu helduak garenean zertan egingo dugun lan. Nire kasuan, aurreikuspena bete egin da".

Landareak desagertzearekin kezkatuta, inguruan haziak landatzen ditu Letamendiak: "Bitxia da ikustea landareek ere bizi nahi dutela. Haziak leku batean bota eta egokia ez bada, mugitu eta beste nonbaiten hazten dira. Bizitzen saiatzen dira".