Dantzaz Elkartearentzako ikus-entzunezkoak grabatu eta ekoiztu ohi ditu Beñat Gerekak (Getaria, 1989). Azken hilabeteetan, ordea, erronka berri bat izan du esku artean: Basotik itsasora dokumentala. Larart plataformak sustatutakoa da filma, eta plataformak ohi duen moduan, errefuxiatuen gaia kultur adierazpide desberdinen bidez lantzea du helburu. Hotz Zarautz Elkarteak ere parte hartu du ikus-entzunezkoan, eta elkarteko bolondresak ikus daitezke bertan gaiaz hitz egiten. Atzo izan zen filmaren aurrestreinaldia Zarauzko Modelo aretoan, eta hilabeteetako lanaren emaitza ikusteko aukera izan zuten proiektuan parte hartu dutenek.
Nola sartu zinen 'Basotik itsasora' proiektuan?
Ustekabean, egia esan. Fernandoren [Saenz de Ugarte, Dantzaz elkarteko arduraduna] deia jaso nuen dokumental bat egiteko proposatuz, eta onartu egin nuen erronka. Orain arte hainbat bideo egin ditut Dantzazentzat, baina inoiz ez dut halako lan luzerik egin. Proposamena gustatu zitzaidan eta gogo handiz egin dut lan hau.
Nola uztartzen dira lan bakarrean kultura eta errefuxiatuak?
Egia esan, buelta asko eman behar izan dizkiogu kontu horri. Nahi genuena zen arte-diziplina desberdinak erabiliz horrelako gai konplikatu bat azaleratzea. Momentu metaforiko batzuk badaude dokumentalean, dena ez da errelatoa. Bakoitzaren hausnarketarako tarteak ere utzi nahi izan ditugu, ez da ohiko dokumental bat. Badu istorio bat, bada kontakizun bat, baina artearen bidez bakoitzak bere hausnarketa egitea bultzatu nahi izan dugu. Ez dago erantzun bat, bakoitzak bilatu behar du berea hausnarketaren bidez.
Zein elementurekin osatu duzue lana?
Elkarrizketa bidez azaltzen den kontakizun bat dago, protagonistek eta aktoreek kontatzen dute. Baina, horrez gain, erabili ditugu ikus-entzunezkoa, dantza, poesia, argazkilaritza, musika... esan daiteke guztien arteko nahasketa bat dela.
Zer eragin nahi duzue dokumentalarekin?
Hausnarketa bat bultzatu nahi dugu. Orain hedabideetan ez da errefuxiatuen gaia agertzen eta badirudi arazorik ez dagoela, baina hori ez da horrela. Arazoa hor zegoen atzo, hor jarraitzen du gaur eta jarraituko du bihar ere. Errefuxiatuek kanpalekuetan jarraitzen dute. Orain hedabideetan hainbeste agertu ez arren, Basotik itsasora filmaren bidez esan nahi dugu errefuxiatuen arazoa hor dagoela, eta jendeak horri buruz pentsa dezan nahi dugu.
Zein helduleku izan duzue horren gai globalari heltzeko Euskal Herriko txoko txiki honetatik?
Duela 80 urte Euskal Herriko jendea izan zen bide hori egin zuena; nire amona tarteko. Gerra Zibila amaitu zenean herritik alde egin behar izan zuten askok eta askok. Frantziara joan ziren haietako hainbat, Gurseko kanpalekura. Hori izan da gure abiapuntua. Hortik tiraka iritsi gara alderatzera lehengo eta oraingo egoera. Orain kanpotik datoz hona, eta landu nahi izan dugu ea jasotzen ditugun edo ez, nola jasotzen ditugun...
Pertsonalki zer eman dizu proiektuak?
Ikasketa prozesu bat izan da niretzat, aurretik inoiz ez bainuen horrelako ezer egin. Baietz esan nuenean ez nekien nondik jo, nondik atera dirua... Egiten joan garen heinean asko ikasi dut. Gidoi bat bagenuen hasieran, baina ideia berriak sortzen joan dira, eta prozesuan zehar forma eman diogu proiektuari. Pertsonalki esperientzia ederra izan da. Gaiak ekarpen pertsonal handia egin dit, jende asko ezagutu dut eta beste errealitate batzuez jakiteko aukera izan dut.
Dirulaguntzak ere alde desberdinetatik jaso ditugu. Aldundiak, Zarauzko Udalak eta Getariako Udalak lagundu digute, eta crowfunding kanpainaren bidez ere laguntza jaso dugu. Hori izugarria izan zen; 100 pertsona inguruk lagundu ziguten. Nik, egia esan, ez nuen inoiz pentsatuko inork bere hondar alea jarriko lukeenik ezagutzen ez duen norbaiten proiektua aurrera ateratzeko. Laguntza jaso dugu Kataluniatik, Alemaniatik, Espainiatik... Alde horretatik ere oso esperientzia polita izan da.
Aurrera begirako beste proiekturik baduzu esku artean?
Oraindik proiektu honetan zentratuta nago. Ateak irekita ditut beste gauza batzuk egiteko ere, baina oraingoz Basotik itsasoraren emanaldiak ditugu aurreikusita. Atzo izan zen aurrestreinaldia Zarauzko Modelo aretoan, eta apirilaren 14an Getarian emango dugu filma. Urrutiagoko lekuetan ere emango dugu, Bilboko Loraldia jaialdian, Vallecasen, Maulen eta Gursen bertan, besteak beste. Zarautzen ekainean emango dugu berriro.