Arratsaldez izan du lana gaur Axier Aiestaranek (Zarautz, 1982). "Bi futbol partida ditugu, eta horiek amaitu arte eta gehiago ere egon beharko dut", zioen. Goizez, berriz, Xole Aramendik (Zarautz, 1968). Koordinazio lanak egiten ditu batez ere. Lankideak dira, eta lanaz aritu dira kafearen bueltan. Ofizio gehienak bezala, gazi-gozoa da eurena ere; ez alferrik, kazetariak dira. Zehazkiago esateko, Gara egunkariko kazetariak. Alegia, ohiko arazo eta gorabeherez gain, badutela beste zama astun-astun erantsi bat. Izan ere, bi urteko epean hiru milioi euro ordaindu behar ditu komunikabide horrek, Egin egunkariak Gizarte Segurantzarekin daukan zorra kitatzeko.
Eta, hala ere, Aramendiri begiek diz-diz egiten diote lanaz hitz egitean: "Normalean ez dut idazten, baina hain justu bihar Uxue Alberdiri egin diodan elkarrizketa argitaratuko dugu, Kontrako Eztarria lanari buruz. Oso lan ona iruditu zait, baita beharrezkoa ere".
Begi berberak aldatu egiten dira, ordea, Gara-ri ezarri dioten zigorra aipatzean. 1989an hasi zen Egin egunkarian lanean Aramendi, eta hantxe jarraitzen zuen lanean 1998ko uztailaren 15ean, Baltasar Garzon epaileak Egin ixteko agindua eman zuenean, ETAren aginduetara aritzea leporatuta. "Bezperan normal-normal jardun genuen lanean, eta hurrengo goizean oso goiz deitu zidaten esateko egunkaria itxi zutela", gogoratzen du.
Estrategiak eta zigorrak
"Gaurko egoera honek ez dauka ez aurrekaririk, ezta oinarririk ere juridikoki. Nik zigor hau garbi kokatzen dut estrategia baten barruan, eta estrategia hau hasi zen orain dela bi hamarkada. Ez zuten etsi Egin itxi arte, eta orain nahi dutena da Gara isildu", iritzi dio Aramendik. Izan ere, bere esanetan, egon da aukera zorra hasieratik kitatzeko: "Egin estatuak itxi zuen, eta gero beraien tribunalak esan zuen legearen kontrako itxiera izan zela. Horrez gain, ondarea usteltzen utzi zuten. Administradore judiziala zegoen ondare hura babesteko, baina ez zuen ezer egin, eta gaur egun sartzen bazara, arratoiak besterik ez daude. Ondarea bazegoen zor hura kitatzeko, eta orain dela 20 urte kobratu zezaketen, baina helburua ez zen zorra kitatzea, gure proiektua desagertaraztea baizik".
Horrekin lotuta, jakinarazi dute herritarrek aukera dutela Egin-en instalazioen gaur egungo egoera zein den ikusteko, argazki erakusketa dagoelako jarrita Donostian Gara-k Zurriolan duen lokalean.
Bestalde, Aiestaranek azaldu du zigor ekonomikoaren berria ez dela bat-batean etorri. "2003an erabaki zuten Egin-en zorra Gara-ri ezartzea, eta ordutik ordainketa etenean egon gara", hau da, kanpoko administradore batek gainbegiratu eta onartu izan ditu diru kontu guztiak. "Beraz, ez dugu aukerarik izan proiektua nahi bezala garatzeko, eta eguneroko funtzionamendurako ere arazo pila bat izan dugu", azpimarratu du.
Iazko irailean bi aukera jarri zizkieten mahai gainean: zorra kitatzea edo ixtea. "Garbi ikusi genuen ezin genuela itxi, aurrera jarraitu behar genuela. Lau hilabetez negoziatu zen zorra, eta denbora horretan langileok kezka horrekin egon ginen, gure etorkizuna zein zen ez genekielako". Azkenean, 4,7 milioi ordaindu beharrean 3 milioi ordainduko dituzte: sei hilabetero 500.000 euro. Aurreneko ordainketa eginda dute, eta bigarrena ekainean izango da.
Babesarekin pozik
Kazetaritza sektorea ahul dago hiru milioiko zorrik eduki gabe ere, eta zama hori erantsita, derrigorrezkoa egin zaie babes eske ateak jotzea. Jasotako erantzunarekin pozik dira bi zarauztarrak: "Jakin dugunagatik, politikariek babesa erakutsi digute, eta denek esan dute Gara ezin dela itxi eta beharrezkoa dela. Orain babesa sentitzen dugu", azpimarratu du Aramendik.
Egoeraren larriaz kontziente al da Gara-ren irakurlea eta, oro har, gizartea? "Nik uste dut jende asko ez zela oso kontziente. Orain gabiltza herriz herri hitzaldiak ematen, eta horretaz jabetu gara. Normala ere bada, urte asko igaro direlako eta gu ere ez garelako egunero hori gogoratuz aritu. Herrietan jende askok ez zekien zorraren kontua, edo bazekien baina ahaztuta zegoen, eta lan hori badago, jendeari ikusarazteko zein den egoera eta konpromiso bat eskatzeko". Hain zuzen, konpromisoa eskatzeko harpidetza kanpaina hasi dute, eta helburu zehatza jarri dute: ekainerako 10.000 harpidedun berri lortzea. "Gara sortu zen herritik, herritarrek garai hartan 1.000 milioi pezeta jarri zituzten, egungo 6 milioi euro. Gure komunitateak babestu gintuen eta bultzada eman zigun aurrera egiteko, eta guk orain harpidetza kanpaina bitartez gure komunitateari eskatzen dioguna da berriz ere konpromiso hori berrestea". Komunikabideak ere bere konpromisoak hartu nahi ditu, ordea: "Ez dugu geldirik egoteko asmorik, egonean. Guk ere konpromiso bat hartzen dugu gure komunitatearekin, erronka berriak hartuz eta proiektua etorkizunera begira jarriz", azaldu du Aramendik.
Aiestaranek proiektua sendotzearekin ere lotzen du harpidetza kanpaina. "Dirua zorra kitatzeko bakarrik ez dugu behar, horrek duen arriskua delako oraingo honetatik atera baina hurrengo urtean berriz ere hilzorian egotearena. Aprobetxatu nahi da egoera hau, eta lortzen badugu honetatik ateratzea, izan dadila aurrera begirako proiektu bat dagoelako eta etorkizunerako zerbait eskaintzeko badaukagulako".
"Zerbait positiboa atera badezakegu, hori da gu harrapatu gaituela trantsizio digitalerako lanetan, eta guk ez dugula klabea biziraupenean. Gure klabea da etorkizunari begira jarri eta proiektuari astindu bat eman eta erronka berriei heltzea. Hor dugu Naiz edizio digitala, Naiz irratia ere badator...", azaldu du Aramendik.
Herritarrengandik jasotzen ari diren babesa ere eskertu dute bi kazetariek. "Batzuetan erredakzioan zaude eta ez dakizu egiten ari zarena zenbateraino inporta zaion jendeari. Baina gero herritarrengana gerturatu, eta konturatzen zara jende asko dagoela laguntzeko prest eta egiten duzuna babesteko prest, eta eskertzekoa da hori" Aiestaranentzat.
Hitzaldia eta harpidetza kanpaina Zarautzen
Gara-ren egoera eta etorkizuneko erronkak herritarrei azaltzen ari dira komunikabideko arduradunak, herritarren babesa jaso eta harpidetza berriak lortzeko. Gaur, esaterako, Zarautzen emango du hitzaldia Iñaki Soto Gara-ren zuzendariak, Herria pobretzen duen espoliazio bat izenburupean (19:00etan, Antoniano aretoan).
Zarautzen bertan lantalde bat ere sortu da hapridetza kanpaina bultzatzeko. Haiekin harremanetan jarri nahi duenak edo harpidetza egin nahi duenak horretarako aukera du 649-66 65 77 telefonora deituta, edo zarautzenerebagara@gmail.com helbidera idatzita.