Zarauzko Dibertsitate Funtzionalaren Mahaiak iaz jarri zuen martxan Ohikoa da kanpaina, "Zarautzen dibertsitate funtzionala duten pertsonen inklusioa lantzeko" asmoz. Miren Letamendia Osasun eta Hirugarren Adineko zinegotziak azaldu duenez, helburua da "Zarautzen dibertsitate funtzionala duten pertsonen inklusioa lantzea": "Horretarako, beharrezkoa ikusten dugu dibertsitate funtzionala komunitate esparru guztietan zeharka lantzea, hala nola, aisialdian, kulturan, kirolean eta osasunean". "Benetako inklusioa lortu nahi dugu", gehitu du.
Ohikoa da kanpainaren barruan antolatutako lehen egitasmoak kirola izan zuen ardatz. Bideo bat argitaratu zuten, non dibertsitate funtzionala duten herriko bi gazte agertzen diren, Frontoi Txikin palan jokatzen. Orain, bigarren egitasmoa aurkeztu dute, musikaren arloa barnebiltzen duena: Motxila 21 taldeko kideen kontzertua.
Hurrengo larunbatean, apirilak 13, izango da emanaldia, Munoa plazan eta doan. Imanol Urbieta Musika Eskolako ikasleak taularatuko dira lehenengo, 19:00etan, eta parte hartze berezia izango dute dibertsitate funtzionala duten haurrek. Jarraian, Motxila 21 taldekoen txanda izango da.
15 urteko ibilbidea
Duela 15 urte inguru sortu zuten Motxila 21 proiektua, "musikaz gozatzeko eta zailtasunei aurre egiteko helburuarekin", Amaia Leunda Gizarte Zerbitzuetako teknikariak adierazi duenez. Down sindromea duten zenbait gaztek eta hainbat boluntariok osatutako taldea da: "Musikaz gozatu nahi izatea da guztiek amankomunean dutena, eta rock zale sutsuak dira guztiak". Leundaren arabera, "inklusioa eta harremanen garrantzia lantzen dituzte musikaren bidez".
Marina Lertxundi Imanol Urbieta Musika Eskolako zuzendariak nabarmendu du Motxila 21 proiektuaren helburua "guztiek musikaz gozatu ahal izatea" dela: "Musika Eskolaren asmoa ere hori izan da hasiera-hasieratik". "Guztiok izan behar dugu musikaz eta musikarekin gozatzeko aukera, eta guztiok esaten dugunean, benetan guztiok izan behar dugu, zailtasun desberdinak dituzten pertsonak barne", gaineratu du Lertxundik.