Gaur 16:30ean Astira joateko eskatu die zarauztarrei ZKEk

Zarauzko Hitza 2019ko api. 6a, 13:54

"Hil ala biziko partida" dute futboleko Nazional Mailako jubenil mutilek, maila galtzeko arriskuan baitaude. Beasainen aurka lehiatuko dira gaur, eta klubak herritarren babesa eskatu du.

Facebook bidez oharra kaleratu du Zarautz Kirol Elkarteak, eta zarauztarrei eskatu die gaur 16:30ean bertaratzeko Astiko futbol zelaira, etxekoak animatzera. Zehazki esateko, Nazional Mailako jubenil mutilak animatzera. Taldea ez dago jaitsiera postuetan, baina oraindik ez dago arriskuz kanpo, eta horregatik, gaur Beasainen kontra jokatuko duten partida garrantzitsua da.

Hau da oharra, osorik:

"Larunbat honetan, Zarauzko Asti futbol zelaian, arratsaldeko 16:30etik aurrera, gure Nazional Mailako Jubenilek Beasainen aurka jokatuko dute.

Denboraldia amaitzeko 2 partidu (hau barne) besterik ez dira geratzen eta, momentu honetan, Xabier Otermin eta Egoitz Makazagak entrenatutako taldea jaitsiera postuetatik kanpo aurkitzen da, baina oraindik ez daude arriskutik kanpo. Izan ere, jaitsiera postuetan dauden taldeen puntu berberak dituzte, hain zuzen, 31.

Beasain aurkaria ere jaitsiera postuetatik kanpo dago 36 punturekin, baina bi jardunaldiren faltan, hauek ere ez daude arriskutik kanpo.

Horregatik guztiagatik, larunbateko partidua oso garrantzitsua da, zarauztarrontzat bereziki, irabaziz gero gure taldea jaitsiera postuetatik urrunduko litzatekeelako.

Beste modu batera esanda, Nazional mailan mantentzeko hil ala biziko partida da gure taldearentzat.

Gure mutilak gogotsu daude erronka honi aurre egiteko eta jakin badakigu ez dutela amore emango! Beti bezala, dena emango dute, amaierara arte!

Horregatik, DEI EGITEN DIZUEGU, ZARAUTZ OSOARI, haur, gazte zein heldu guztiei, larunbatean arratsaldeko 16:30ean Astira etortzeko!

ZUEN BABES ETA ANIMOAK BEHAR DITUGU!

MEREZI DUTE, eta denon laguntzarekin MAILA MANTENTZEA lortuko dugu!

Zaila bada, ez da ezinezkoa... Zaila bada, badago lortzea!

Larunbat arratsaldean ez geratu etxean, ETORRI ASTIRA!!!".