Zilarra eskuratu dute seniorrek Gipuzkoako Batel Txapelketan

Zarauzko Hitza 2019ko api. 7a, 19:00

Pasai San Pedron jokatu dituzte estropadak asteburuan, eta gaur goizean finalak izan dira. Zilarraz gain, Aitzol Garro zarauztarrarena izan da ziaboga onena senior gizonezkoetan.

Pasai San Pedron jokatu dira gaur goizean Gipuzkoako Batel Txapelketako estropadak mailaz maila, eta Urola Kostako arraunlariek bandera eta domina ugari ekarri dute bueltan.

Banderak Zumaiara eta Oriora joan dira, bina: infantil mutiletan zumaiarrak izan dira onenak, baita kadete mutiletan ere. Oriotarrak, berriz, promesa nesketan eta jubenil nesketan gailendu dira.

Zilarra ere eskuratu dute zumaiarrek, oriotarrek eta zarauztarrek, azken horiek senior gizonezkoetan.

Horrez gain, ziaboga onenak ere eskualdekoek egin dituzte maila askotan: infantil nesketan, Maddi Goikoetxeak (Zumaia); kadete mutiletan, Uritz Gorritik (Zumaia); jubenil mutiletan, Noel Martinezek (Zumaia); eta senior mutiletan, azkenik, Aitzol Garrok (Zarautz).