Gobernuaren neurri "bidegabeak" salatzen jarraitzen dute pensiodunek

Zarauzko Hitza 2019ko api. 8a, 13:51
Pasa den asteko manifestazioko une bat. (Amaia Urbieta Arruti)

Gaur ere kalera atera dira Zarauzko pentsionistak, eguraldi txarra gorabehera. Betiko aldarriei eusten diete, eta larunbatean Donostian izango den manifestaziorako deia luzatu diete herritarrei.

Zarauzko Pentsiodunen eta Jubilatuen plataformak salatu du Europako Parlamentuak Banakako Pentsioen Europear Produktuaren Araudia onartu duela, ondokoa lortzeko asmotan: "beren jubilaziorako aurreztu nahi duten pertsonek aukera gehiago izatea eta aldi berean bakarko pentsioen merkatua sustatzea". Aipatutako araudiarekin, ordea, "pentsioen europear merkatu bat" sortu nahi dutela salatu dute Zarauzko Pentsiodunen Plataformakoek, eta pentsio publikoentzat "mehatxu bat" dela uste dute, onuragarria izango delako "errenta altuenak dituztenentzat bakarrik". Horren aurrean, pentsio publiko duinen aldeko borrokan jarraitzeko asmo irmoa erakutsi dute. Onartu berri duten araua "berehala erretiratzeko" eskatu dute eta pentsio sistema publikoa garatzea, "egungo belaunaldiak eta etorkizunekoak pentsio publiko duin eta justuak izan ditzaten bermatuz".

Apirilaren 13an, Donostiara

Horrekin batera, datorren larunbaterako zita "garrantzitsu" baterako deialdia luzatu dute. Apirilaren 13an, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean bezala, manifestazioa egingo dute Donostian, eta bertaratzeko deia luzatu dute Zarauzko pentsiodunek ere. "Gure aldarrikapenak autonomia osoz defendatzen jarraituko dugu".

Manifestazioaren harira, jakinarazi dute garraio publikoak betiko ordutegiarekin funtzionatuko duela, baina trenek ohikoa baino bagoi gehiago izango dituztela.

Horrez gain, manifestazioa antolatzeko jendea behar dutela ere azaldu dute, eta prest daudenei beraiekin harremanetan jartzeko eskatu diete.

Ostiralean, mahai ingurua

Pentsioen inguruko eztabaida antolatu dute ostiralerako. Apirilaren 12an, 11:00etan hasita, Udaberri elkarteko aretoan izango da. 13:00ak arte izango da eztabaida, eta ondoren, beren aldarriak Korrikarekin batera aterako dituzte kalera.