Jokin Eizmendi, 5 Kirol txapelketako finalera

Urola Kostako Hitza 2019ko api. 9a, 12:03
Jokin Eizmendi harri-jasotzailea. (Juan Carlos Irigoien)

Basque Sportsek antolatuta, 5 Kirol proba ari dira jokatzen aurten lehen aldiz. Xabier Orbegozok eta Jokin Eizmendi zarauztarrak Mikel Larrañagaren eta Xabier Peñagarikanoren aurka jokatu zuten aurreneko finalaurrekoa larunbatean, eta finalera sailkatu da Errezil-Zarauzko bikotea. Larunbatean jokatuko dute beste finalaurrekoa. Finala, berriz, maiatzaren 1ean izango da.

5 Kirol lehiaketa hasi berri da. Aurten lehen aldiz antolatu du txapelketa Basque Sportsek, eta herri kirolen munduan, formatu berri bat sustatu du lehiaren bidez. Guztira, lau bikotek parte hartuko dute txapelketan –bikote bakoitza aizkolari eta harri-jasotzaile banak osatuko du–, eta haietako bakoitza bost modalitatetan arituko da.

Joan den larunbatean jokatu zuten lehen finalaurrekoa Maruri-Jataben (Bizkaia), eta Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarrak eta Jokin Eizmendi harri-jasotzaile zarauztarrak finalerako txartela eskuratu zuten. Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Xabier Peñagarikano aizarnazabaldarra izan zituzten aurkari, eta haiek txapelketatik kanpo gelditu ziren. Honako hauek izan ziren bikote bakoitzak egin beharreko lanak:

  • 100 jasoaldi, 100 kiloko koparekin (harri-jasotzaileak).
  • 45 ontzako 12 enbor (aizkolariak).
  • 50 kiloko txingekin 12 plaza (txanda librean).
  • 150 jasoaldi, 18 kiloko ingudearekin (txanda librean).
  • 45 ontzako enborrari 10 mozketa trontzarekin (biak batera).

Mikel Larrañaga eta Peña bikain hasi ziren. Lehen lau ariketen ondoren aurretik ziren. Trontzara abantailarekin iritsi ziren, eta besteak hasterako, bi mozketa eginak zituzten. Hor, ordea, Peña bete egin zen, eta lanak amaitu ezinik geratu zen ordura arte aurretik zebilen bikotea. Amaieran, Arria V.ak eta Eizmendik 44 minutu eta 37 segundotan amaitu zituzten 5 Kirolak. Bikote galtzaileak azken bi mozketak ez zituen egin. Garaipen horri esker finalean egongo dira Arria V-Eizmendi.

Beste finalaurrekoa, larunbatean

Datorren larunbatean, apirilak 13, jokatuko dute 5 Kirol probako beste finalaurrekoa, Gatikako (Bizkaia) pilotalekuan. Aitzol Atutxak eta Inhar Urruzunok osatuko dute bikote bat, eta Xabier Zalduak eta Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.a aiarrak bestea.

Finalaurrekoetan nagusitzen diren bi bikoteek maiatzaren 1ean jokatuko dute finala, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.