45 urtetik gorakoak "lan-munduan txertatzeko" proiektua abiatu du UKUEk

Zarauzko Hitza 2019ko api. 10a, 09:00

45 urtetik gorako herritarrei zuzendutako prestakuntza saioak eskainiko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak. Helburu nagusia "garapen pertsonalaren eta profesionalaren bidez adin tarte horretako herritarrak ahalduntzea" dela azpimarratu dute, eta horretarako, taldekako zein bakarkako saioak antolatu dituzte. Izen-ematea ireki dute dagoeneko.

+45 indartzen programa martxan jarri du Urola Kostako Udal Elkarteak, "45 urtetik gorako herritarrak lan-munduan txertatzeko". "Asko dira 45 urte edo gehiago izan eta lan-merkatutik kanpo dauden herritarrak edo lana hobetu nahi dutenak", azaldu dute UKUEtik: "Gehienek oso zail ikusten dute lan-mundura itzultzea edo egokitzea; batetik, duten adinarengatik, eta bestetik, egungo lan mundu aldakorraren eskakizunetara eta eginkizunetara egokitzeko ezinbestekoa delako birziklatzea".

Beraz, +45 indartzen proiektuaren bidez, "lan-munduan txertatzeko prestakuntza" eskainiko die UKUEk 45 urtetik gorako Urola Kostako herritarrei. Helburua "garapen pertsonalaren eta profesionalaren bidez adin tarte horretako herritarrak ahalduntzea" dela nabarmendu dute, eta baita beren "hobekuntzarako bidea irekitzea" eta "bakoitzarekiko eta munduarekiko begirada aldatzea" ere, "lanerako itzulerari indarrez ekiteko".

Taldekako eta bakarkako saioak

Horretarako, guztira 10 saiotan banatutako 40 orduko prestakuntza jasotzeko aukera izango dute eskualdeko 45 urtetik gorako herritarrek, bereziki, "lan-munduan sartzeko eta lan-baldintzak hobetzeko zailtasunak dituztenek". Maiatzaren 13an emango diete hasiera saioei, eta 24an amaituko dituzte. Goizez elkartuko dira parte hartzaileak, 09:30etik 13:30era. Taldekako prestakuntzaz gain, bakarkako saioak ere izango dira.

Maiatzaren 6rako, astelehena, programa berriaren hasiera eta aurkezpen ekitaldia antolatu du UKUEk. 09:30ean hasiko da, eta proiektuaren xehetasunak azaltzeaz gain, bakarkako saioen egutegia zehazteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Izen-ematea zabalik

Programan izena emateko epea ireki dute dagoeneko, eta apirilaren 30ean, asteartea, itxiko dute. Inskripzioa egiteko bete beharreko eskaera-orria UKUEren webgunean (urolakosta.eus) edo UKUEren egoitzako (Urdaneta bidea 6, Zarautz) harreran eskuratu daiteke.

Bestalde, izen-ematea egiteko bi modu daude; e-mailez (lanpoltsa@urolakosta.eus) edo UKUEren egoitzan aurrez aurre. Beharrezkoa izango da zenbait agiri aurkeztea, hala nola, eskaera-orria beteta, NANaren fotokopia bat eta curriculuma. Dena den, apirilaren 17an, asteazkena, informazio saio bat egingo dute UKUEren egoitzan. 10:00etan izango da.