65etik 22 saski banatzera

Onintza Lete Arrieta 2019ko api. 10a, 10:00
Caritaseko Cristina Rodriguez eta Jose Azkue, eta Talai Berri txakolindegiko Itziar Eizagirre. (Onintza Lete Arrieta)

Zarauzko Caritasek asteazkenero banatzen die jana beharra dutenei, eta gaur saskian Eusko Label produktuak ere egongo dira, Talai Berriren ekimenari esker.

"Oso pozik gaude". Hala laburbildu du Cristina Rodriguez Zarauzko Caritaseko boluntarioak gur egungo egoera, janari banaketari dagokionez. Astero, asteazkenetan, beharra duten norbanako eta familiei janariz betetako saskia banatzen diete. Gaur, esaterako, 22 saski banatuko dituzte. "Iaz 65 saski banatzera iritsi ginen". Jaitsiera horregatik daude pozik: "Horrek esan nahi du lan mundua mugitzen ari dela", iritzi dio Rodriguezek. "Ea egunen batean saskirik banatu beharrik ez dugun izaten". Saskien erdiak kanpotarrentzat dira, beste erdiak bertakoentzat.

Hamar urte baino gehiago daramatzate jana banatzen, eta gaur egun sarea osatuta dutela azaldu du Caritaseko boluntarioak. Produktuen zati handi bat Oiartzundik iristen da, Elikagai Bankutik. Beste gauza asko, berriz, herrian bertan biltzen dute. "Herriko enpresa batek astero ematen dizkigu kroketak, beste batek ogia ematen digu eta fruta eta barazki saltoki batek, berriz, itxura kaskarragatik saldu ezin dituen produktuak ematen dizkigu", azaldu du. Horrez gain, baserritar batek astero-astero lauzpabost dozena arrautza ematen dizkie, eta "herritar batek astero 50 kilo haragi erosten ditu guri emateko". Haragia enpresa batean mozten dute xerratan, eta Caritaseko lokalean prestatzen dituzte paketeak. Horrez gain, Astiko baratze solidarioko produktuak ere banatzen dituzte saskietan.

Talai Berriren ekimena

Gaurko saskia, berriz, berezia izango da. Izan ere, Eusko Label produktu batzuk gehituko dizkiete ohiko jakiei, Mahasti Krosean bildutako diruari esker. Atzo eman zuten horren berri Talai Berri txakolindegian. Itziar Eizagirre txakolindegiaren jabeak azaldu zuen probaren ondoren pintxoa eta txakolina eskaini zutela euro baten truke, eta guztira 870 euro bildu dituztela. Horrekin erosi dituzte Eusko Label produktuak, Caritasi emateko.