Zarautzen jokatuko dituzte Espainiako Errugbi Txapelketa eta Txapelketa Nazionala

Zarauzko Hitza 2019ko api. 10a, 12:34
Txapelketa Nazionalean parte hartuko dute Zarautz Rugby Taldekoek. (Zarautz Rugby Taldea)

18 urtez azpikoei zuzendutakoak dira bi lehiaketak. Espainiako Errugbi Txapelketan zortzi talde izango dira, eta Txapelketa Nazionalean, aldiz, 16 talde. Zarautz Rugby Taldekoek Txapelketa Nazionalean parte hartuko dute.

Zarauzko Asti kirolgunean jokatuko dituzte 18 urtez azpikoen Espainiako Errugbi Txapelketa eta Txapelketa Nazionala, apirilaren 27an eta 28an, larunbata eta igandea. Antolatzaileen arabera, Espainiako estatu osoko zortzi taldek parte hartuko dute Espainiako Rugby Txapelketan; Txapelketa Nazionalean, aldiz, 16 talde izango dira.

Espainiako Errugbi Txapelketan Gaztela eta Leongo, Madrilgo, Hego Euskal Herriko, Valentziako, Kataluniako eta Andaluziako taldeek jokatuko dute. Lurralde bakoitza bertako talde batek ordezkatuko du Zarauzko lehiaketan, tokian tokiko sailkapeneko lehenengoak, hain zuzen. Dena den, Valentzia izango da salbuespena; iazko Espainiako Txapelketan irabazleak izan zirenez, bi ordezkari izango dituzte aurten. Donostiako Bera Bera taldeak ordezkatuko du Hego Euskal Herria.

Zarauztarrak Txapelketa Nazionalean

Txapelketa Nazionalari dagokionez, izen-ematea irekia da. Momentuz 18 taldek eman dute izena, baina 16 taldek hartuko dute parte. Beraz, tokian tokiko sailkapenetan eskuratu dituzten postuak hartuko dituzte kontuan parte hartzaileak zeintzuk izango diren erabakitzeko. Zarautz Rugby Taldekoak Txapelketa Nazionalean lehiatuko dira; une honetan, hirugarren postuan daude zarauztarrak.

Apirilaren 27an zein 28an izango dira bi lehiaketetako norgehiagokak, goizean eta arratsaldean. Txapelketa bakoitzeko, printzipioz, lau partida jokatuko ditu talde bakoitzak; bi larunbatean eta bi igandean. Bestalde, saio guztiak streaming bidez emateaz gain, antolatzaileek iragarri dute partiden eta sailkapenen jarraipena denbora errealean egin ahal izateko sistema bat martxan jarriko dutela.