Bihar irekiko dute Txopitea Beka eskatzeko epea

Zarauzko Hitza 2019ko api. 10a, 13:30
Ione Saizarrek irabazi zuen Daniel Txopitea Beka duela hiru urte.

Norbanakoek edota taldeek aurkeztu ditzakete arte sorkuntzarako proiektuak, uztailaren 30a baino lehen. "Salberdin gunean zegoen Zarauzko Ondare Industriala" izango da aurtengo gaia, eta 3.000 euroko laguntza jasoko du gehienez Txopitea Bekaren irabazleak.

Gaur, apirilak 10, argitaratu dute Daniel Txopitea Arte Sorkuntzarako Bekaren aurtengo deialdia. Beraz, bihar, apirilak 11, irekiko dute dirulaguntza eskatzeko epea, uztailaren 30era arte. Norbanakoek edota taldeek dute arte sorkuntzaren edozein arlorekin lotutako proiektuak aurkezteko aukera, eta lan horiek garatzeko izango da bekaren bidez Zarauzko Udalak bideratuko duen laguntza. Bekaren irabazleak 3.000 euro jasoko ditu gehienez.

Hainbat teknika artistiko onartuko dituzte deialdi honetan, hala nola, marrazketa, pintura, eskultura, arkazkigintza, zinea, bideoa, diseinu grafikoa, moda diseinua, artisautza, dantza, musika edota antzerkia. Dena den, gai zehatz bati lotutako sorkuntza proiektuak aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek. Hain zuzen, "Salberdin gunean zegoen Zarauzko Ondare Industriala" izango da aurtengo gaia.

Interesa dutenek Zarauzko Herritarren Arreta Zerbitzuan (Kale Nagusia, 29) aurkeztu behar dituzte bekaren eskaera eta beharrezko agiri guztiak.

Hona hemen Daniel Txopitearen aurtengo deialdia eta eskaera egiteko oinarri guztiak ikusgai.