Kirol Busean Elkarrekin (KBE) proiektuak aipamen berezia jaso du Espainiako EnerAgen Energia Sarietan; garraio jasangarriaren kategorian egin diete aipamena. Izan ere, kirol klub batzuek autobusak partekatzen dituzte asteburuetako partidetara joateko. Horrela, dirua aurrezten dute, eta ingurumenari laguntzen diote. Bost urte daramatza horretan Zarautz Kirol Elkarteak, Gipuzkoako beste hainbat klubekin batera (Andraitz KE, Goierri KE, Ilintxa SD, La Salle Legazpi, Urola EK eta Urola KE).
Dan Lertxundi Zarautz Kirol Elkarteko ordezkaria da, eta KBE proiektuaren sustatzaileetako bat ere bera izan da. "Lehen autoak erabiltzen genituen partidetara joan-etorriak egiteko, bakarka garestiegia zelako autobusa hartzea. Eta autobusa hartzen zenean ere, autobus bakoitzak zain egon behar izaten zuen taldeak partida amaitu arte", azaldu dio HITZAri. "Ohartu ginen, gainera, sarritan klub berdinak joaten ginela toki beretara edo gertu zeuden tokietara".
Elkarteari esker, "asteburuero 70 talde koordinatzen ditugu hainbat autobus konpainiarekin, autobus berak ahalik bidaia gehien egin ditzan. Horrela, bidaia bakoitzeko %45 aurrezten dugu, ahalik autobus gutxien erabiltzen dugulako", gaineratu du. "Autobusa partida amaitu arte geldirik eduki beharrean, beste zerbitzu bat egitera bidaltzen dugu".
150 talderen garraioa kudeatzen
Ostegunetan jakiten dituzte asteburuko partiden ordutegi zehatzak, eta orduan hasten dira komeriak, guztira 150 talde daudelako elkartean. Zarautz Kirol Elkarteari dagokionez, eskubaloi taldeak ez beste guztiak koordinatzen ditu KBEk. Lertxundi bera arduratzen da "sudokuak egiteaz".
Horregatik, duela bi urte Energiaren Euskal Erakundera (EEE) jo zuten laguntza eske. "Gure proiektua aurkeztu genien, eta esan genien programa informatiko bat behar genuela ondo koordinatu ahal izateko geure artean. Izan ere, gure asmoa da klub gehiagori ematea aukera elkartean parte har dezaten". Baina, horretarako, behar-beharrezkoa dute programa informatiko hori. Lertxundik jakinarazi duenez, laster edukiko dute prest.
EnerAgen Energia Sarietara, hain zuzen, EEEk aurkeztu zuen proiektua. "Asko gustatu zitzaien gure lana, eta horixe aurkeztu zuten energia sarietara".
Elkartzearen bitxikeriak
Esperientzia oso positiboa ari da izaten, autoak etxean uzten dituztelako eta diru asko aurrezten dutelako. Bitxikeriak ere gertatzen dira, ordea. "Pasa izan da asteburu batean elkarren kontra aritu diren bi taldek, hurrengo astean autobus bera partekatu behar izatea", kontatu du Lertxundik.