Sari berdina izango dute emakume eta gizon arraunlariek Zarauzko estropadan

Zarauzko Hitza 2019ko api. 11a, 09:00

Zarauzko Udalak eta TKEk hitzarmena sinatu dute datozen 4 urteetan Zarauzko Ikurriña estropadak antolatzen jarraitzeko. Hitzarmeneko berrikuntza nagusietakoa da gizonezko eta emakumezko irabezleen saria diru kopuru berdina izango dela.

Borja Rodrigo TKEko lehendakariak eta Xabier Txurruka alkateak sinatu dute datozen lau urteetan Zarautzen estropadak antolatzen jarraitzeko hitzarmena.

Udalak eskerrak eman dizkio TKEri, "azken urteetan arraunari eman dion bultzadagatik". Aurtengo Zarauzko Ikurriña abuztuaren 17 eta 18an jokatuko da, ohi bezala, bi jardunalditan gizonek eta jardunaldi batean emakumeek. 2022ra arteko estropaden datak ere zehatu dituzte: 2020an abuztuaren 15 eta 16an izango dira, 2021ean abuztuaren 14 eta 15ean eta 2022an abuztuaren 20 eta 21ean.

Hitzarmenaren berrikuntza nagusia sariena da. 2018ko udalbatzarrean aho batez onartu bezala, emakume eta gizonezko irabazleen sariak berdinak izango dira datozen lau urteetako estropadetan. Horretarako, udalak emakumeen estropadetako sarietan 21.960 euroko ekarpena egingo du, hala, bi ligetako txapeldunen sariak berdinduz.

Rodrigok azaldu zuen Zarauzko estropadaren garrantzia "igotzen" doala azken urteetan, eta beraientzat "garrantzitsua" dela Zarauzko Udalak azaldu duen "borondatea" hitzarmen hau sinatzeko. "Guretzat garrantzitsua da epe luzera begirako plangintzak egitea". Azkenik, gogorarazi du Euskotren ligarentzat bereziki egun seinalatua dela Zarauzko Ikurriñarena, hor erabakitzen baita ligako txapelduna.