Irailaren 16an hasiko da Ainhoa Bagliettoren aurkako epaiketa

Urola Kostako Hitza 2019ko api. 11a, 12:10

"ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, presoen babes taldetako 47 kide epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta tartean dira Urola Kostako hiru herritar: Ainhoa Baglietto zarauztarra, Eneko Ibarguren azpeitiarra eta Nagore Garcia zumaiarra. Fiskalak zortzi eta 21 urte bitarteko espetxealdiak eskatu ditu auzipetu guztientzat.

Euskal presoen babes taldeen aurkako makroepaiketaren hasiera epea jarri dute dagoeneko: irailaren 16a. “ETAren espetxe frontea” osatzea leporatuta, 47 lagun epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta tartean dira Urola Kostako hiru herritar: Eneko Ibarguren azpeitiarra, Nagore Garcia zumaiarra eta Ainhoa Baglietto zarauztarra. Fiskalak zortzi eta 21 urte bitarteko espetxealdiak eskatu ditu auzipetu guztientzat, gainera hainbat urtez zaintzapean egotea eta isun ekonomikoa ere galdegin du horientzat. Hain zuzen ere, fiskalak Fiskalak 14 urteko espetxe zigorra eskatzen du Ibargurenentzat, baita Garciarentzat ere. Bagliettorentzat, berriz, 11 urteko kartzela zigorra eskatu du.

Ibarguren eta Garcia Herriraren aurkako polizia operazioan atxilotu zituzten, 2013ko irailaren 30ean. Epaileak urriaren 3an utzi zituzten biak aske; Garciak 20.000 euroko bermea ordaindu behar izan zuen aske ateratzeko. Atxilotu zituztenean herritarren babesa zabala jaso zuten biek ala biek. Ondoren, 2015eko urtarrilaren 14an, deitu zituzten Ibarguren eta Garcia deklaratzera, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelera, eta gainerako kide guztien gisan, uko egin zioten deklaratzeari “egindako galderak ez zeudelako akusazioarekin lotuta”.

Ainhoa Baglietto abokatua, berriz, 2015eko urtarrilaren 12an atxilotu zuten beste 15 lagunekin batera, Mate deitu zuten operazioaren baitan. ETA babestea eta dirua zuritzea leporatuta atxilotu zituzten guztiak. Espetxeetako frontea osatzea, presoak adoktrinatzea eta 2012. eta 2013. urteen artean Ogasunean 1,3 milioi ez aitortzea ere egotzi zieten. Egun haietan hainbat protesta egin zituzten Zarautzen, atxiloketak salatzeko. Baglietto atxilotu eta bi egunera, urtarrilaren 14an, utzi zuten aske, bermerik gabe.

2013ko irailean Herriraren kontra eginiko polizia operazioan du jatorria 11/2013 sumarioak. 2014ko urtarrilean, bitartekari taldeko zortzi lagunen aurkako sarekada etorri zen, eta hurrengo urtean, abokatuen eta beste lau lagunen aurkakoa. 2015eko martxoan, berriz, Jaiki Hadiko eta Etxerat-eko kideak atxilotu zituzten. Eloy Velasco epaileak egin zuen instrukzioa, eta Auzitegi Nazionaleko fiskalak bat egin zuen haren tesiarekin. Horren arabera, “ETAren espetxe frontea” osatzen dute auzipetuek. “Erakunde terroristako kide” izatea leporatzen die ia denei. Auzipetze autoan, baina, epaileak berak aitortu zuen aztertutako dokumentuetan ez dutela aurkitu ETAren eta ustezko Koordinazio Gunearen artean lotura zuzenik eta harreman organikorik zegoela esateko moduko “inongo daturik”. Hala ere, Velascok ziurtatu du auzipetu guztiek bazekitela “Koordinazio Taldekoek [EPPKren bitartekariek] ETArekiko menpekotasun harreman bat zutela”, eta talde horiek legez kanpoko Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren hutsunea betetzen zutela.