Salbatore Mitxelenaren omenezko murala berriz margotuko du Xabier Egañak

Amaia Urbieta Arruti 2019ko api. 11a, 17:21
Nekane Iribar, Xabier Egaña eta Jose Roman, mural berriaren eredu bat eskuetan dutela. (Amaia Urbieta Arruti)

Duela 38 egindako muralari itxura berria emango dio Xabier Egaña artistak. Salbatore Mitxelenaren omenez, "sinbologia desberdina" erabiliko du bere lan berrian.

Xabier Egaña margolariak itxuraberritu egingo du Salbatore Mitxelena Ikastolan duela 38 egin zuen murala. Salbatore Mitxelena zenaren oroimenez ondu zuen murala 1981. urtean, eta orain, Mitxelena jaio zela 100 urte bete direnean, itxura berria emango dio Egaña artistak bere lanari. Horma berreskuratzeko lanetan Aste Santuan hasiko dira, eta margoketa maiatzaren erdirako amaituta egotea aurreikusten dute.

Las Arenasen (Getxo, Bizkaia) jaio zen Egaña 1943an, eta17 urte zituela fraide sartu zen, Zarauzko Frantziskotarren elizan. Bertan, Javier Alvarez Eulate fraidearen urratsak jarraituz, margolari egin zen. Hainbat lan ezagun ondu ditu Egañak. Haien artean ezagunenak, Arantzazuko Ama Birjinaren kaperatxoa inguratzen duten margolanak, San Pelaio ermitako absidea eta Salbatore Mitxelenaren omenezko murala.

Azken hau da, hain zuzen, eraberritzekotan dena. Jose Roman Lizasok azaldu duenez, "tamalez, jendeak ez du ezagutzen mural honen esanahia". Hala dio muralaren alboan jarri zuten plaka batean: "Oh Euskal Herri, Euskal Herri, ezbeharrean zaildua. Zarauzko Herriak Salbatore Mitxelenari". 38 urtean murala "hondatua" geratu dela azaldu du Lizasok, izan ere, formak bereiz daitezkeen arren, hasieran zituen koloreak ez dira ia nabaritzen. "Iruditzen zaigu hemen zerbait galtzen ari garela eta hori balioan jarri nahi dugu", esan du Lizasok. Hain zuzen ere, balioan jartzeko une "egokia" dela pentsatu dute, Salbatore Mitxelena jaio zenaren 100. urteurrena delako, eta urte berean, Kilometroak jaia ospatuko delako Zarautzen, ziklo bat itxiz.

"Justizia" egitera doazela ere azaldu du Lizasok. "Bai Mitxelenarentzat, bai Egañarentzat, baita zarauztarrentzat ere". Lizasoren hitzetan, Egañak "asko surfitu du" obra honen gainbehera ikusten. "Azkenerako etsita zegoen, baina orain gauzak aldatzera goaz". Hasierako asmoa aurreko margolana errekuperatzea bazen ere, Egaña artistak berak planteamendu berri bat egin zuen, margolanaren birsortzea mahai gainean jarriz.

Mantendu eta zabaldu

Mantentze lanez gain, Egañaren lana zabaltzeaz ere hitz egin du Lizasok. Hain zuzen ere, horretarako egitasmo berri bat dute esku artean. Oraindik xehetasun askorik eman ez duten arren, Artegaña Elkartea sortu dute, Egañaren obra jasotzeko, biltzeko eta ezagutarazteko.

Lizasok azaldu duenez, aurrerago emango dute xeheago egitasmoaren berri.

Mural zaharra eta berria

Prentsarentzako egindako agerraldian, malkoei eutsi ezinik azaldu zituen Egañak mural zaharraren eta berriaren ezaugarriak, baita bere ibilbidean bidelagun izan dituen hainbat lagun aipatu ere: "Nire lehen obra Antoniano ikastetxearen aurrean dago. Jorge Oteitzak jarri zion izena: Hiriaren zuhaitza". Obra horren atzetik beste asko etorri ziren, eta hain zuzen, Oteizak berak esan zion Ikastolako horma horretarako zerbait sortzeko. Salbatore Mitxelenaren omenezko muralaren ezaugarriak hala azaldu zituen Egañak: "Murala koloretako hormigoizko horma baten gainean dago egina. Eskuinean, gurutze desitxuragu bat eta bi giza gorputz agertzen dira. Beste aldean, bi ume baloi batekin jolasten, eta goian, eguzkia. Erdian, bi aldeen arteko zubi lanak egiten, Salbatore Mitxelena ikus daiteke, eskuan giltza bat duela". Azalpenean, gogoan izan du Egañak, hunkiturik, murala egiten lagundu ziola duela hilabete gutxi zendu zen Santi Iruretagoiena arkitektoak. Hormaren gainbehera bizitzaren gainbeherarekin ere alderatu du artistak.

Mural berria, ordea, sinbologia berriz jantziko duela azaldu du Egañak. "harrizko horma baten gainean agertuko da giza gorputz bat, eta atzealdea kolore bizi eta alaiz margotua egongo da". Amaitzeko, eskerrak eman dizkie bere asmoa aurrera eramateko lagundu dieten guztiei.