Argi genion egilerik gabeko ikus-entzunezkoan: asko maitatu baino, maita dezagun ondo. Dagoeneko egileoi aurpegi jarri diezaiokezue; gu guztiok baikaude ikus-entzunezkoaren atzean: Urola Kostako Hitza, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza, Irutxuluko Hitza, Oarsoaldeko Hitza, eta Goierriko Hitza.
Ondo maitatzearen aldeko aldarria egiten genuen, bai. Asko maitatzea, izatekotan, kuantitatiboki izan daiteke aberatsa. Miren Amurizak 2016ko azaroaren 30ean Berria-n zioen bezala: “Maitatzea gradu bat da bere horretan; maite duzu edo ez. Ala inor maitatu daiteke gutxi? Beraz kontua ez da zenbat, baizik zelan”.
Ohartzen gara askok eta askok, asko maite gaituzuela: gure aldeko aldarria egiten duzue 160 karakteretan, estimatzen duzue festen kontakizuna argazkitan egitea, gustuko duzue kalean gurutzatzen duzuen bizilagunaren iritzia gure orrietara ekartzea, parte zareten elkartearen berri ematea, herriko kontuen euskalwikipedia izatea… maitatuak sentitzen gara.
Ondo maitatzeko modurik zintzoena Hitzakide egitea da, gure aterpean ostatu hartzea
Baina asko maitatzetik ondo maitatzerako urratsa ez duzue maite gaituzuen guztiok egiten. Amurizak argi zion: “Ondo maitatzea zaintzea da, ez itotzea; onartzea, ez aldaraztea, ez idealizatzea; bestearekin kritikoa izatea da, ez epaitzea; hobetu dezan motibatzea, ez eskasa dela sentiaraztea…”. Bada, egin urratsa eta zaindu gaitzaizue.
Maita gaitzaizue ondo, egin HITZAKIDE!. Ondo maitatzeko modurik zintzoena Hitzakide egitea da, gure aterpean ostatu hartzea. Guk, ordainetan, tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik kontatzeko konpromisoari heldu eta bertako edukia hainbat euskarritan emango dizuegu: paperean, izan egunkarian edota aldizkarian; eta Internet bidez, webgunean eta sare sozialetan argitaratuta. Gertuko informazioa modu gertukoan jaso nahi baduzu, egin urratsa eta egin zaitez Hitzakide.
Horretarako hiru bide daude eta horietatik bi, norbanako erabiltzaileei zuzenduta daude. Hitzakide figurak Interneteko kontsumitzaileak hartzen ditu kontuan. Interneteko Hitzakidea: 50 euro ordainduta prentsa eskaintza PDFan jasoko duzu, albiste bereziak lehenago irakurtzeko aukera izango duzu, azala zure neurrira jarri ahal izango duzu, Hitzakide txartela izango duzu (zozketetan parte hartzeko eta deskontuak lortzeko) eta, nola ez, proiektua indartzen lagunduko duzu.
Baina Internetez ez ezik, papereko edukia kontsumitzen duenentzako ere badago eskaintza. Interneteko Hitzakide harpideduna: prentsa eskaintza osoa etxean eta PDF formatuan jasoko duzu, albiste bereziak lehenago irkaurtzeko aukera izango duzu, azala zure neurrira jartzeko aukera izango duzu, Hitzakide txartela izango duzu eta proiektua indartzen lagunduko duzu.