Familiak behar dituzte haur sahararrak etxean hartzeko

Urola Kostako Hitza 2019ko api. 13a, 13:30

Oporrak Bakean egitasmoaren bidez, errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren haur sahararrak Euskal Herrira etortzen dira uda pasatzera. Ehun harrera familia lortzea zen antolatzaileen hasierako helburua, eta oraindik 60 sendia behar dituzte. Astelehenean bukatuko da kanpaina.

Oporrak Bakean egitasmoaren bidez, hainbat haur saharar etorri ohi da Euskal Herrira uda pasatzera. Programaren sustatzaileek urtarrilaren 11n jarri zuten aurtengo kanpaina martxan: Orain bi familia ditut: bat Saharan eta bestea Euskal Herrian. Guztira, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ehun familia behar dituzte haur sahararrak etxean hartzeko.

Familia batzuk animatu dira dagoeneko, baina asko falta dira oraindik helburura heltzeko: hain zuzen ere, 60 familia behar dituzte oraindik. Astelehenean, apirilaren 15ean, bukatuko da kanpaina, eta sustatzaileek, eskualdeko familiak animatu dituzte programan parte hartzera. “Kanpainaren helburua oso urruti geratu da, eta hori dela eta, azken egun hauetan euskal familiak animatu nahi ditugu programan parte hartzera”.

“60 haurri uda gure herrietan igarotzeko aukera eman nahi diegu. Eskatzen dugun bakarra gogoa, denbora eta elkartasuna da; anima zaitez saharar haur errefuxiatu bati uda ezberdin bat eskaintzera, eta jar zaitez gurekin harremanetan oporrakbakean@gmail.com edo www.oporrakbakean.eus helbidean”, erantsi dute sustatzaileek.

Oporrak Bakean programa honen bidez, 10 eta 12 urte bitarteko haur sahararrei bi hilabetez –uztaila eta abuztua– Euskal Herrian egoteko aukera ematen zaie. Haurrak saharar errefuxiatu kanpalekuetako baldintza gogorretatik urruntzea –itzaletan 55 gradutara heltzen dira tenperaturak udan–; elikadura egokia emanez, izan dezaketen anemia kentzea; azterketa medikuak egitea eta gaixotasun txikiak sendatzeko aukera ematea; eta beren egunerokotasunetik oso ezberdina den errealitateko ohiturak, kultura, hizkuntza etab. ikasteko aukera ematea dira egitasmoaren helburu nagusiak. Era berean, Saharako herriak azken 43 urteetan bizi duen egoera ezagutzeko aukera izaten dute harrera familiek.