Ireki dute Hiruerreketako urbanizazio berria

Zarauzko Hitza 2019ko api. 13a, 20:00

Amaitu dituzte Hiruerreketako aparkalekua "urbanizatzeko" lanak; 28 aparkaleku, aisirako gune bat eta oinezkoentzako pasabide berri bat eraiki dituzte.

Atzo, ostirala, Hiruerreketako urbanizazio berria ireki zuten. Bertako aparkalekua "urbanizatzeko" lanak amaitu berri ditu Zarauzko Udalak; 28 aparkaleku, aisirako gune bat eta semaforoekin erregulatutako oinezkoentzako pasabide berri bat eraiki dituzte.

Iazko abendua amaieran, udalak Excavaciones y Transportes Orsa S.L. enpresari esleitu zizkion obra horiek, eta 194.157'80 euroko aurrekontuarekin, bi hilabeteko epean burutu dituzte. Bi fasetan banatu dute prozesua, eta hilabete eskaini diote fase bakoitzari.

Lanak pausoz pauso

Zarauzko Udalaren arabera, "hiri espazioa berrantolatu" dute Hiruerreketan, "bankuak, iturria eta markesina berria dituen aisirako gune bat sortuz eta autobus geltokiaren kokapena aldatuz". Horrek guztiak Santa Barbarara igotzeko biraketa "hobetu" egin duela iritzi dute.

Bestalde, asfaltatze lanak egin dituzte zoruan, aparkaleku berriak prestatu ahal izateko. Espaloiak eta oinezko pasabideak gehitzearekin, "oinezkoen irisgarritasuna hobetzea" da helburua. Argiztapen publikoaren sarea ere berritu dute Hiruerreketan, LED motako argiekin; eta oinezkoen pasabide berri bat jarri dute GI-2633 errepidean, bi semafororekin batera, bat norabide bakoitzean.