Txiki Politekoak, eskubaloiko Lehenengo Nazional Mailara igotzeko faseari heltzeko prest

Zarauzko Hitza 2019ko api. 13a, 15:15

Gaur arratsaldean emango diote hasiera Euskal Ligako Final 4ari, Aritzbatalde kiroldegian. Lau taldek neurtuko dituzte indarrak, tartean, Zarauzko senior mutilen bigarren taldeak. Lehenengo Nazional Mailara igotzeko fasea jokatzeko bigarren txartela eskuratuko du igandeko finala irabazten duenak.

Gaur, larunbata, emango diote hasiera eskubaloiko Euskal Ligako Final 4ari, Aritzbatalde kiroldegian. Norgehiagoka horretan gailentzen denak lortuko du Euskal Ligatik Lehenengo Nazional Mailara igotzeko fasea jokatu ahal izateko bigarren txartela. Urdulizko taldea da senior mutilen Euskal Ligako irabazlea, eta beraz, zuzenean eskuratu du mailaz igotzeko fasean parte hartzeko aukera. Orain, lau taldek neurtuko dituzte indarrak Euskal Ligako Final 4an, igoera fasean jokatu ahal izateko gelditzen den txartela poltsikoratzeko.

Euskal Ligan bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren postuan geratu direnak lehiatuko dira Zarautzen, tartean, Zarauzko senior mutilen bigarren taldea, Txiki Polit. Ligan bigarren egin dute zarauztarrek, eta gaur 17:30ean bosgarrenen kontra jokatuko dute, Oñatiko Fagor Industrial Aloñamendi taldearen aurka, alegia. 19:30ean izango da gaurko bigarren norgehiagoka, eta Indupime Basauri eta Limpiresol Corazonistas taldeak arituko dira.

Gaurko bi txapeldunek Euskal Ligako Final 4eko finala izango dute bihar, igandea, 12:30ean. Aritzbatalden jokatuko dute partida, eta esan bezala, igandean gailentzen denak irabaziko du gizonezkoen Euskal Ligatik Lehenengo Nazional Mailara igotzeko fasean parte hartzeko bigarren txartela, Urdulizko taldearekin batera.