Kilometroen harira, hitzarmena sinatu dute HITZAk eta Zarauzko Ikastolak

Zarauzko Hitza 2019ko api. 15a, 11:04
IƱigo Ameztoi, Onintza Lete eta Nekane Artola, sinaduraren unean (Hodei Esteban)

Urriaren 6an ospatuko den Kilometroak 2019 jaia ardatz hartuta, lankidetza hitzarmena adostu dute Urola Kostako Hedabideek eta Salbatore Mitxelena Ikastolak.

Euskara ardatz duten bi zutabek bat egin dute: Urola Kostako Hedabideek eta Zarauzko Ikastolak. Hitzartu dute Kilometroen berri elkarlanean ematea.

Hala, elkar eragin eta elikatuko dira oihartzuna emanez Kilometroen inguruan sortzen diren albisteei paperean, webguneetan zein sare sozialetan.

Izan ere, urriaren 6an Ni, Hi, Hura...Ikastola mundura! lelopean ospatuko den Kilometroen aurretik, hainbat ekitaldi eta ekintza izango dira. Hurrengo mugarria, hain zuzen, maiatzaren 3an izango da, orduan jakinaraziko baitute Kilometroen abestia.

Hitzarmena honakoek sinatu dute: Iñigo Ameztoi Salbatore Mitxelena Ikastolako lehendakariak, Onintza Lete HITZAko ordezkariak eta Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak.