Igoera jokatzeko txartelak eskuratu dituzte eskubaloiko senior neskek eta mutilek

Zarauzko Hitza 2019ko api. 15a, 12:22
(Argazkia: Luis Epelde)

ZKE eskubaloiko seniorren bigarren taldeak dira biak. Mutilek Lehenengo Nazional mailara igotzeko aukera izango dute. Neskek, berriz, ezingo dute igoera jokatu, lehenengo taldea badagoelako jada Zilarrezko Ohorezko Mailan.

Mailaz igotzeko aukerak eskuratu dituzte Zarauzko eskubaloiko seniorren bigarren taldeek, asteburuan jokatutako partidetan. Emakumezkoak Euskadiko Txapelketan aritzen dira, eta txartela lortu dute igoera fasea jokatzeko eta Ohorezko Zilarrezko Mailara igotzeko. Ezingo dute jokatu igoera, ordea. Izan ere, maila horretan dago jada Aiala, seniorren aurreneko taldea.

Gizonezkoek ere txartela lortu dute igoera fasea jokatzeko, eta beraiek, Txiki Polit taldeak, aukera izango du maiatzean igoera jokatu eta Lehenengo Nazional mailara igotzeko. Izan ere, seniorren lehen taldea, Amenabar, beste maila bat gorago dago, Zilarrezko Mailan.

Maiatzaren 11-12 asteburuan jokatuko dute igoera fasea.

Jubenilak, Espainiako Txapelketatik kanpo

Bestalde, jubenil neskak eta mutilak Espainiako Txapelketara sailkatzeko bidean gelditu dira. Hirugarren egin dute biek euren taldeetan, eta aurrenekoak bakarrik sailkatu dira. Zortzi taldetan banatuta lehiatu dira, eta beraz, zortzi sailkatu dira guztira.