Garagardo topaketa egingo dute Putzuzulon maiatzaren 2tik 4ra

Zarauzko Hitza 2019ko api. 16a, 09:00

Euskal Herrian ekoitzitako garagardoa dastatzeko aukera egongo da Bertatik Bertara izeneko jardunaldietan. Jatorduak, musika saioak eta futbolin txapelketa antolatu dituzte.

Maiatzaren 2tik 4ra Putzuzulo gaztetxean hitzordua dute garagardozaleek. Izan ere, Bertatik Bertara jardunaldiak ospatuko dituzte; garagardo topaketa, alegia. Euskal Herrian egindako garagardoa dastatzeko aukera izango da egun horietan, baina ez hori bakarrik; egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek.

Jatorduez eta kontzertuez gain, futbolin txapelketa ere egingo dute. Horren inguruan, jakinarazi dute izena egunean bertan eman beharko dela, 16:00etatik aurrera (maiatzaren 4an).

Bikoteko bost euro ordaindu beharko dira, eta bi sari emango dituzte: irabazleek birentzako afaria, txapela, pin-pon pala eta Putzuzale garagardo kaxa ba jasoko dituzte; eta bigarren egiten dutenek, berriz, afaria eta Putzuzale garagardo kaxa.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "gazte harmaila" eraikiko dute, eta jatekoa ere egongo da.

Maiatzak 2, osteguna

  • 20:30ean: afari beganoa
  • 21:30ean: DNO eta Lowsun taldeen kontzertua

Maiatzak 3, ostirala

  • 20:00etan: bertako sukalde eta garagardo iturrien irekiera, txistulari eta bertsolariekin.
  • 23:00etan: Moonshine Wagon taldearen kontzertua

Maiatzak 4, larunbata

  • 12:00etan: irekiera
  • 13:00-15:30: bazkaria
  • 17:00etan: futbolin txapelketa handia
  • 20:00-23:00: afaria
  • 23:00: Bidelapurrak eta The Potes taldeen kontzertua