Udaberriko VII. Artisau Azoka, ostegunetik igandera

Zarauzko Hitza 2019ko api. 16a, 15:05

Nahia elkarteak antolatuta, Aste Santuan artisauen lanak ikusteko eta erosteko aukera egongo da herrian. Erosleen artean Kirkilla jatetxean bi pertsonentzako afaria zozkatuko dute. Tailerrak ere egingo dituzte.

Apirilaren 18tik 21era ospatuko da Udaberriko VII. Artisau Azoka Zarautzen. Lege Zaharren Enparantzan era guztietako produktuak jarriko dituzte ikusgai eta salgai, eta erosketa egiteak izango du saria. Izan ere, bi lagunentzat Kirkilla jatetxean afaria zozkatuko dute erosle guztien artean. Zozketa azken egunean egingo dute, 21:00etan.

Azokak hainbat ordutegi izango ditu egunaren arabera. Hala, apirilaren 18an, 19an eta 21ean goizez eta arratsaldez zabalduko ditu ateak, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:30era. Apirilaren 20an, berriz, arratsaldez bakarrik egingo dute azoka, 17:00etatik 20:30era.

Azokaren barruan, hiru tailer ere eskainiko ditu Nahia elkarteak. Horiek arratsaldez izango dira, 17:30etik 19:30era, apirilaren 18an, 19an eta 21ean.