Irekiera jendetsua izan du Garagardo Azokak

Zarauzko Hitza 2019ko api. 18a, 10:05

Atzo iluntzean zabaldu zituen ateak 19. Garagardo Azokak, eta aurreko urteetan bezala, ilara luzeak sortu ziren leihatilan txartelak erosteko. Juan Mari Arrizabalaga Belarrio omendu dute aurten errugbi taldekoak, ZKEko lehendakaritzan egindako urteengatik. Rafa Olaizola lehendakari ohia ere omentzekoak ziren, baina gaixo zegoen eta ez zen bertaratu.

ZKEko lehendakari ohiak omendu ditu aurtengoan Garagardo Azokak irekiera egunean. Urte askoan aritutako bi lagun gonbidatu zituzten oholtzara: Juan Mari Arrizabalaga, Belarrio, eta Rafa Olaizola. Baina azken hori ez zen bertaratu, gaixo zegoelako.

Omenaldia jasotzera igo, baina berak omendu zituen Zarautz Rugby Taldekoak, jendaurrean abestu zuen bertso batekin. Txalo zaparrada eskaini zioten jan-edanean ari zirenek.

Omenaldia ikusten izan ziren udal ordezkari eta teknikariak ere, besteak beste, EAJko Xabier Txurruka alkatea eta Iban San Martin Kirol zinegotzia; Aitor Korta EH Bilduko zinegotzia; eta Esther Facchin Turismo teknikaria.

Ikusi 19. Garagardo Azokako egitaraua egunez egun.