Belarrio: "Estrukturan egindako aldaketak izan ziren garrantzitsuenak nire ustez"

Zarauzko Hitza 2019ko api. 19a, 09:00
(@zarautzrugby)

ZKEko lehendakaria izan zen Juan Mari Arrizabalaga, Belarrio (Zarautz, 1944), 1996tik 2008ra. Rafa Olaizolaren lekukoa hartu zuen, eta berak egungo lehendakariari egin zion tokia, "neure burua desfasatuta ikusi nuenean".

Juan Mari Arrizabalaga Belarrio igo zen asteazken iluntzean Garagardo Azokako oholtzara, Zarautz Rugby Taldearen omenaldi xumea jasotzera. Zarautz Kirol Elkarteak 75 urte bete ditu aurten, eta lehendakari izandakoak omendu nahi zituzten.

Belarrio eta Rafa Olaizola ziren gonbidatuak, biek ere urte dezente egin zituztelako lehendakari. Hain zuzen, Olaizolaren ondorengo lehendakaria izan zen Belarrio, 1996tik 2008ra. 12 urte aritu ondoren, errelebua eskatu zuen: "Iruditu zitzaidan gauzak egiteko moduak aldatu eta modernizatu egin zirela bai Aldundian eta bai toki guztietan, eta ni desfasatuta gelditu nintzela", azaldu zion HITZAri omenaldia jaso aurreko minutuetan.

Bera lehendakari zela egindako lanari buruz, uste du garrantzitsuena "estrukturan egindako aldaketak" izan zirela. "Ordura arte elkateko atal bakoitzak bere kasara funtzionatzen zuen, eta hasi ginen beste era batera lanean elkarrekin; hori bai, atal bakoitzari bere independentzia ekonomikoa utzita etab.".

"Ekipo oso ona" izan zuela azpimarratu zuen Belarriok, baina ez zen ausartu izen bat edo beste goraipatzera: "Lankide asko eta onak izan nituen eta ez nuke nahi inor aipatu gabe utzi".

Zarautz Kirol Elkartea kudeatzeagatik nabarmendu izan den arren, xakelaria izana da. "Gaztetan hondartza futbolean ere ibili nintzen, baina federatuta, xakean bakarrik".

Azkenean, bota zuen izen propio bat ere, gogoratzean lehendakari izan ez zen urte batzuetan ere aritu zela juntan lanean. "Pako Urkiak deitzen zidan aldian behin, eta harekin sartzen nintzen juntan", esan du.

Belarrioren ondorengo lehendakaria da gaur egungoa, Esteban Collantes.

Ikusi hemen Belarrioren omenaldia bideoan (Belarrio bertsotan).