Ortuzar: "EAJren aldeko botoa erabakigarria izango da Sanchez ez erortzeko Ciudadanosekin hitzartzeko tentaldian"

Zarauzko Hitza 2019ko api. 20a, 15:28

A28ko hauteskundeei begira ekitaldi politikoa egin du gaur eguerdian Zarautzen EAJk, eta alderdiko hainbat aurpegi ezagun bildu da bertan, tartean eskualdeko asko. Xabier Txurruka alkateak hasi du mitina. Aurrez, mosaiko bat eginez ikurrina osatu dute hondartzan.

Astebete eskas falta da apirilaren 28rako. Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskunde eguna izango da A28a, eta alderdiak burubelarri dabiltza botoa eskatzen herritarrei. EAJk, esaterako, Zarauzko malekoia aukeratu du gaur eguerdian mitina egiteko.

Hitza hartu dute, hurrenez hurren, Xabier Txurruka alkateak, Maribel Vazquez Senaturako hautagaiak Gipuzkoatik, Joseba Agirretxe Kongresurako hautagaiak Gipuzkoatik, eta Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak.

Txurrukak esan du asko dagoela jokoan apirilaren 28an "bai hemen, Zarautzen, eta Euskadin; eta bai han, Madrilen". EAJk "frogatu du baduela gaitasuna euskal gizartearen gehiengoarekin konektatzeko eta herri honen lidergoa hartzeko. Zergatik? Serio hartzen dugulako politika". Bere alderdiak herrigintzari ematen dion garrantzia azpimarratu du, eta esan du politika ezin dela ulertu elkarlanik eta baliorik gabe, eta ezin dela bereizi justizia sozialetik eta berdintasunetik. "Politika gauza serioa da. Pertsonen duintasunaz ari gara, errespetuaz ari gara". Esan du, "tamalez", azkenaldian, asko direla bestela jokatzen ari direnak, Espainiako eskuinarengana zuzenduz.

"EAJ da bermerik onena gure gizartearen interesak defendatzeko Zarautzen, Euskadin eta Madrilen. Hitza eta baloreak ditugulako. Eta gauzak beste era batera egiten ditugulako. Gatazketatik, irainetatik eta populismoetatik urrun gaude, gauza horiek suntsitu baino ez dutelako egiten horrenbeste denboran lortutakoa eta harrotasunez betetzen gaituena". Horregatik iritzi dio berebiziko garrantzia duela herritarrek EAJ bozkatzea.

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak itxi du mitina. Esan du "Madrilen EAJ eta Euskadi gauza bera" direla, "40 urte daramatzagulako herri honen alde dena ematen. Hori da EAJk euskal gizartearen aurrean erakuts dezakeen aurkezpen-txartela".

Gaineratu du hainbat gauza daudela oraindik egiteko. "Horregatik eskatzen dugu EAJren alde bozkatzea. Baliagarria baino gehiago, erabakigarria den botoa, erabakigarria Euskadi Madrilen defendatzeko; erabakigarri izan nahi dugu handik gurea den guztia ekartzeko; erabakigarri eskuineko hiru alderdiak oposiziora joan daitezen; erabakigarri sozialistak Ciudadanosekin hitzartzeko tentaldian eror ez daitezen; erabakigarri izan behar dugu, azken finean, Madrilen euskal talde indartsua eratzea lortzeko". 

Ikurrinaren mosaikoa

Mitinaren aurretik, hondartzara jaitsi dira EAJko hainbat ordezkari, ikurrina mosaiko bidez osatzeko. Hemen, EAJ zioen ikurrinak.

Alderdikide asko gerturatu da ekitaldi politikora: esaterako, Markel Olano diputatu nagusia eta Izaskun Bilbao eurodiputatua. Eskualdeko ordezkari andana ere ikusi da: Zarauzko EAJko zinegotziak, Orioko eta Zumaiako egungo alkateak, Azkoitiko eta Azpeitiko alkate ohi batzuk, aldundiko ordezkariak, etab.