Zarautz Rugby Taldekoak "gustura" daude 19. Garagardo Azokak emandakoarekin

Zarauzko Hitza 2019ko api. 23a, 17:00

Sei egunean zehar emandakoaren ondoko ajearekin, txukunketa lanetan aritu dira gaur Zarautz Rugby Taldekoak. Oraindik zenbakiez hitz egiteko goiz bada ere, "gustura" daude izandako harrerarekin.

Atzo itxi zituen ateak 19. Garagardo Azokak. Oraindik balorazio zehatzik egin ez duten arren, orokorrean, pozik daude lanean aritu diren Zarautz Rugby Taldeko kideak asteak emandakoarekin.

Antolakuntzan aritu den Xabi Unanuek azaldu duenez, jende asko erakarri du Garagardo Azokak. "Astelehenean eta asteazkenean ibili da jende gutxien ohi bezala, baina ostiralean eta larunbatean astakeria izan zen bertaratutako jendetza". Munoako karpara sartzen diren gehienak zarauztarrak dira, eta inguruko herrietako jende asko ere izaten da. "Inguruko herritarretatik, gehien bisitatzen gaituztenak Azkoitia, Azpeitia eta inguru horretakoak dira". Kanpotarrei dagokienean, asko oporretan egoten dira Zarautzen eta ezustean egiten dute topo Munoako karparekin. "Gehienek ez dute jakiten zer den, eta barraraino hurbiltzen dira galdetzera".

Mahaien banaketa gakoa

Garagardo Azokaren 19. edizioak ez du berrikuntza nabarmenik eduki. Mahaien banaketa aurreko urteko berdina izan da, eta Unanueren ustez, "egokia" da. "Karparen sarrera erdialdean jarrita, jende pilaketak ekiditea lortu dugu azken bi urteetan". Mahaien kokapena ere aldatu zuten aurreko urtean, eta guztira, 600-650 pertsona inguru sartzen dira karpan eserita.

Garagardoari dagokionez, aurten beste urteetan izan ez diren bi garagardo mota berri probatzeko aukera izan da. Oraindik jasotze lanak guztiz bukatu gabe dituztenez, antolatzaileek ez dakite zehazki jendearen gustukoak izan diren aukera berri horiek.