Ander Iruretagoiena: "Emozioak kudeatzea da antzerkia egitea"

Ander Iruretagoiena: "Emozioak kudeatzea da antzerkia egitea"

Antzerki mundua maite du Ander Iruretagoienak (Bulgaria, 1994). Argiaren Hautsa antzezlanean aritu da lanean azken hilabeteetan, eta gaur, Modelo aretoan aurkeztuko dute beren lana. Argiaren Hautsaz eta antzerkigintzaren beste hainbat ikuspegiz aritu da Iruretagoiena ondoko elkarrizketan.

Noiz hasi zinen antzerkian eta zergatik?

Duela zazpi urte TAEn (Taller de Artes Escénicas) aritu nintzen urtebetez, eta ordutik lan txikiak ateratzen joan zaizkit. Dena den, antzerkiarekiko interesa lehen aldiz 12 urte ingururekin sentitu nuela esango nuke, Alproja antzerki taldearekin aritzean. Apurka-apurka toki desberdinetatik deitu zidaten, Donostia 2016ko Europako Hiriburu Kulturala izan zeneko proiektu batetik, Goenkaletik...

Duela gutxi ETB1eko Ur handitan saioan atera zara. Bertan azaltzen zenuen musikak eta antzerkiak asko lagundu dizutela zure izaera garatzen.

Lagundu didate, bai. Musika zure emozioekin konektatzeko tresna bat da, eta nik txikitatik xurgatu izan dut musika asko. Udaleku musikaletan ere egon izan naiz, eta azkenean ohartu gabe lantzen dituzu balore batzuk beste modu batera landuko ez zenituzkeenak.

Antzerkiarekin, berriz, emozioak kudeatzen ikasi dut, izan ere, antzezteko beharrezkoa da hori jakitea. Orain askoz gehiago ohartzen naiz inguratzen nauenaz; harremantzeko garaian, jendearekin tratua izateko garaian... badakizu nondik zoazen eta denaz ohartzen zara. Inguruko jendeagan jartzen duzu arreta, agian, zure pertsonaia lantzen ari zarelako. Esate baterako, pertsonaia lotsati bat egin behar baduzu ingurura begiratu eta hori topatu nahian aritzen zara. Oro har, esango nuke ni gaur egun naizena izaten lagundu didatela bai antzerkiak, baita musikak ere.

Nola ikusten duzu euskal antzerkigintzaren mundua?

Gero eta gauza gehiago ari dira sortzen, bai antzerkian baita zineman ere. Euskara hizkuntza txiki bat da eta zaila da euskarazko zerbait kanpora eramatea; dena hemen gelditzen da. Aktore euskaldunok askotan testuak euskaraz eta gazteleraz ikasi behar izaten ditugu.

Antzerkiari dirulaguntzak ematen zaizkio, baina gehiago ere egin zitekeen. Jendeak ez dauka ohiturarik antzerkira joateko, hori da beste arazo bat. Futbola, esaterako, izugarri bultzatzen da. Oso erraza da futbol partidak ikustea, asko iragartzen dira. Albistegietan, esaterako, azken bi minutuak eskaintzen zaizkio kulturari. Futbolari buruz izan ohi dira hurrengo 30 minutuak. Horrela, zaila da jendeari antzerkira joateko gogoa piztea, baina pixkanaka bagoaz.

Nik uste dut antzerkia eta zinema oso tresna indartsuak direla jendeari mezuak helarazteko, kontatzeko istorio bat pentsaraziko diena. Botere hori edukitzea izugarria da, baina hausnarketa hori falta zaigu. Horretarako balio du antzerkiak: kontzientziatzeko, burua zabaltzeko, gainontzekoen ideiak entzuteko... Zerbait sortzen dudanean, ni behintzat, beti ahaleginduko naiz mezu sakon bat helarazten.

Ostiral honetan Zarautzen izango zara Argiaren Hautsa antzerkiarekin. Zer ikusiko du bertaratzen denak?

Argiaren Hautsak kontatzen du maitasun istorio bat, baina ez edonolakoa. Adinekoen egoitza batean ezagutzen diren bi pertsona zaharren arteko maitasun istorioa kontatzen du. Helarazi nahi den mezua da maitasunak ez daukala adinik. Tragikomedia bat da, eta bakardadearen gaia asko lantzen du. Adinekoen egoitzetako egoera gogorra izan ohi da, eta errealitate gordin hori erakusten du.

Esango nuke adin guztietako jendearentzat dela egokia Argiaren Hautsa, kontatzen duen istorioa maitasunezkoa delako, eta guztiok maitemindu gara noizbait.

Mikel Laskurain eta Miren Gojenolarekin egiten duzu lan. Biek ere, ibilbide luzea izan dute antzerki munduan.

Hala da, bai. Gero eta gehiago ari naiz ikasten. Egiten baino, ikusten gehiago ikasten dudala uste dut. Nola ematen dituzten aldaketak pertsonaiek, eta abar.

Emanaldia Zarautzen, zure herrian, izateak zer sortzen dizu?

Gehiagotan ere eman izan ditut emanaldiak Zarautzen, eta hasieran uste nuen ez nintzela urdurituko bereziki, baina gero ikusi nuen baietz. Nahi edo ez, etxean egonda jendeak ezagutzen zaitu, familiakoak hor daude eta urduritasun gehigarri bat sortzen da. Dena den, urduritasunak uneoro egon behar duela uste dut. Oholtza zapaldu aurreko minutuetan hor egon behar du, eta ez badago, ez da seinale ona. 

Aurrera begira, ba al duzu beste proiekturik esku artean?

Gauza batzuk baieztatzekotan nabil, agian pelikula baterako deituko didate. Nire proiektu propioak ere baditut esku artean. Euskal Herrian lan asko dago, baina beharrezkoa da ikuspegia zabaltzea. Duela bi urte gidoigintza ikastaro bat egin nuen eta handik sortu zen orain lantzen ari naizen proiektua: Beldur malutak.

Gidoiaren zirriborroa esku artean nuela, Telmo Irureta zumaiarrarekin harremanetan jarri nintzen, eta bion artean amaitu genuen. Lehengo urtean toki ezberdinetan grabatzen egon ginen, eta orain estreinatu nahi dugu. Gauzak diru gabe egitean askotan luzatu egiten dira, eta horixe gertatu zaigu. Maiatzean Modelon estreinatzea da asmoa, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso.

Beste gidoi bet ere ari naiz idazten, baina oraingorako, dirulaguntzak lortu nahian nabil. Mundu honetan mugitu beharra dago, aktore ez bada zuzendari, bestela gidoilari eta bestela ekoizle lanetan ere arituko nintzateke.