Lauaxeta eta Aresti kaleen urbanizazio lanak maiatzean hasiko dira

Zarauzko hitza 2019ko api. 24a, 18:00

560.000 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne), besteak beste, bi kaleetako espaloien egoerak hobetuko dituzte.

Aste honetan esleitu dizkio Zarauzko Udalak Construcciones Otegui Gaztañaga enpresari Lauaxeta eta Aresti kaleak urbanizatzeko lanak, 560.000 euroko (BEZ barne) prezioan.

Xabier Txurruka alkateak azaldu duenez, Lauaxeta eta Aresti kaleetako urbanizazioaren kalitatea hobetzea da lanen helburua, egun espaloiak "egoera oso txarrean" daudelako.

INJELAN ingeniaritzak idatzitako urbanizazio proiektua atal desberdinetan banatuta dago. Lauaxeta kalean galtzada eta espaloiak maila berdinean jarriko dituzte, trafiko zirkulazioaren noranzkoa mantenduz, eta iparraldeko espaloian zuhaitz ilara berri bat landatuko dute. Aresti kaleari dagokionean, iparraldean golfeko sarreran dagoen triangelu formako lorategia aldatuko dute, biribilgune moduan funtzionatu dezan.

Urbanizazio lanekin batera, argiteria publikoa LED luminariekin berrituko dutela jakinarazi dute; baita sare elektrikoa eta saneamendu-sare osoa ere.