Ardo Eguna izango da maiatzaren 1ean

Zarauzko Hitza 2019ko api. 26a, 20:00

Arabako Errioxako eta Gipuzkoako hainbat upategi izango dira herrian Langileen Nazioarteko Egunean.

Maiatzaren 1ean, Langileen Nazioarteko Egunean, Ardo Eguna ospatuko dute Lege Zaharren Enparantzan.

Arabako Errioxako "ospe handiko" zortzi upategiren eta Gipuzkoako hainbat ekoizleren ardoa dastatzeko aukera izango da, aipatu hitzorduan. Zurekin Ostalarien Elkarteak eta Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideak elkarlanean antolatutako egitasmoa da, Turismo Bulegoaren babesarekin.

Udaletik adierazi dutenez, "maiatzaren 1ean jaieguna ardoarekin ospatzeko aukera izango dute langileek". Jaia 11:30etik 15:00etara bitartean ospatuko dute, eta antolatzaileen esanetan, "eskualdeko gizarte, kultura eta ingurumenean egindako ekarpenagatik mila urtean gurtua izan den edaria omenduko dute".

Ondokoak izango dira Arabako Errioxatik etorriko diren zortzi upategiak: Ruiz de Viñaspre, Muro, Loli Casado, Labastida-Solagüen, Mitarte, Hermanos Frías del Val, Laukote eta Ostatu. Gipuzkoako ekoizleak zeintzuk izango diren, oraingoz, ez dute zehaztu. Ardo trago bakoitzak bi euroko prezioa izango du.

Besteak beste, ardo zuri eta beltz gazteak, bereziak eta kriantzak dastatzeko aukera izango da. Jatekoari dagokionean, gatzetan jarritako antxoak, gildak, artzain gazta eta urdaiazpikoa izango dira aukeran. Azken hau ebakitzeko, Jose Maria Moreno eta Quintin Gutierrez adituak bertaratuko dira.

Bestalde, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideko ordezkariek food truck baten bidez beren eskaintza turistikoa azalduko dute. Hala, upategietako bisitak, egonaldiak, otorduak eta beste hainbat sari zozketatuko dira. Halaber, haurrentzatko txoko bat jarriko da, Zurekinek antolatutako tailerrekin.

Amaitzeko, udaletik adierazi dute "Ardo Egunarekin ardoarekin lotutako urteko egitaraua borobiltzea" dela asmoa, Txakolin Egunak eta Sagardo Egunak "ospe handia" dutelako.