Ismail Razgak eta Ainhoa Jauregik irabazi dute Pagoeta Mendi Lasterketa

Amaia Urbieta Arruti 2019ko api. 28a, 13:33

Eguraldia lagun, giro ederrean jokatu dute Pagoeta Mendi Lasterketa dozenaka korrikalarik. Emakumezkoetan, Nerea Amilibia zarauztarrak eskuratu du bigarren postua.

Ismail Lazga sestaoarra eta Ainhoa Jauregi urnietarra izan dira lehenak Pagoeta Mendi Lasterketako ibilbide nagusian helmuga zeharkatzen. Razgak 01:32:24ko denbora egin du, eta Jauregik 01:58:03ekoa. Razgaren atzetik, Xabat Manzisidor azpeitiarra (01:34:11) eta Ekaitz Kortazar durangarra (01:35:49) iritsi dira. Emakumezkoetan, Nerea Amilibia zarauztarra izan da bigarren (01:59:57) eta Amaia Jauregi larrabetzuarra hirugarren (02:00:02).

21 kilometroko ibilbidea eta 600 metroko desnibela gainditu dituzte gaurkoan lasterketan parte hartu duten korrikalariek, eta lasterketaren amaieran, jai giroa izan da nagusi, aurpegi alaiak eta txalo zaparradak protagonista izanik. Aurten Kilometroak festa Zarautzen ospatuko dela eta, ibilbidearen amaieran izan dira NI, Hi eta Hura Mamorruak, baita Kilometroetako denda ibiltaria ere.

Ibilbide mistoan, goierriarrak nagusi

Ibilbide nagusiaz gain, aurtengoan hirugarren aldiz egon da lasterketa mistoan parte hartzeko aukera. Desnibel baxuarekin, zortzi kilometroko ibilbidea osatu dute bertan parte hartu dutenek. Aramako Maider Unanue eta Asier Unanue izan dira txapeldunak, 00:41:22ko denborarekin. Bigarrenak Bizkaiatik etorri dira, Jon Aranburu eta Garazi Sampedro atxondoarrak (00:41:42), eta hirugarren, Usurbil eta Idiazabalgo bikote bat izan da: Irati Larrañaga eta Josu Urrestarazu (00:41:42).

Erlazionatuak

Irudietan: 16. Pagoeta Mendi Lasterketa

Amaia Urbieta Arruti 2019 api 28 Zarautz