XXVIII. Argazki Rallya egingo dute igandean

XXVIII. Argazki Rallya egingo dute igandean

Parte hartzaileak, kamera eskuetan, antolatzaileek zehaztutako gaien araberako argazkiak ateratzen arituko dira herritik. Maiatzaren 31n izango da sari banaketa, eta guztira, bost sari izango dira.

Zarauzko Argazkizale Elkartearen eskutik, igande honetan, maiatzak 5, egingo dute XXVIII. Argazki Rallya, Fernando Maiztegiren oroimenean. Parte hartzaileak, kamera eskuetan, antolatzaileek zehaztutako gaien araberako argazkiak ateratzen arituko dira herritik. Igandean jakinaraziko dituzte aurtengo gaiak, rallya hasi aurretik.

ZAEko kideek azaldu dutenez, partaideen memoria txartelek hutsik egon beharko dute saioa hasi aurretik, eta nahi beste argazki ateratzeko aukera izango dute. 13:00etatik 14:00etara bitartean, elkartearen egoitzara (Ebro Etxea) bertaratu, eta gehienez, goizean ateratako 36 irudi aurkeztu beharko dituzte, lehen kontrolekoa barne. Jarraian, antolatzaileek PC batean deskargatuko dituzte guztiak.

Hala, maiatzaren 12a baino lehen, gai bakoitzaren inguruko argazki bat aukeratu beharko du parte hartzaile bakoitzak, azken bateko sari banaketara aurkezteko. Hautatutako irudiak email bidez (rallyzarautz2019@gmail.com) bidali beharko dituzte, beren zenbakiarekin eta gai bakoitzarekin lotutako argazkiaren zenbakiarekin.
 

Bost sari

 
Maiatzaren 31n izango da Argazki Rallyko sari banaketa, Torre Luzean. Guztira, bost sari izango dira:
  • 1. saria: 160 euro eta Andra Mari Erregina garaikurra
  • 2. saria: 130 euro eta garaikurra
  • 3. saria: 100 euro eta garaikurra
  • Rallyko argazki ederrena: 80 euro
  • 16 urtez azpiko lehen sailkatua: garaikurra
Rallyan izena emateko epea ireki dute dagoeneko. Interesa dutenek ZAEren egoitzan egin dezakete inskripzioa, 09:00etatik 10:00etara bitartean. 10 euro ordaindu beharko ditu partaide bakoitzak, 16 urtez azpikoek izan ezik; beren kasuan, doakoa izango da izen-ematea.