Hondartza Futbola 2018-2019

IRITZIA: Oroitzapenak eta argazkiak

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 2a, 09:34

Joxean Urbietak urte asko daramatza hondartza futbolari lotuta; jokalari gisa aurrena, epaile lanetan eta antolakuntzan azken urte mordoan. Plaieroen 75. finalen atarian, iritzia eskatu dio HITZAk, eta hau da berak idatzitako artikulua.

"Egun on, Iñaki", gaurkoan esan ditudan lehen hitzak izan dira. Emaztea goiz ibili da eta ni jaiki aurretik etxetik atera da. "Betikoa?" galdetu dit tabernako nagusiak. Deskafeinatu ebakia da betikoa. Ez naiz kafe-zalea.

Iñakirekin solasaldi labur bat eta prest nago lanera itzultzeko. Irratiko angelusarekin batera Amara auzoko txikitero kuadrilla sartu da tabernan. Hamabietan hasten dute erronda.

"Hombre, zarauztarra", zuzendu zait hauetako bat "El otro dia te vi arbitrando en la playa". 60ko hamarkadan plaierotan jokatu zuela kontatzen hasi zait. Nola gazte izan eta autorik ezean, trenez mugitzen ziren.

Taldearen izena Txinpartak zela, eta jokalari guztiak donostiarrak zirela. Getariako Mariñelak taldearekin pike sanoa zutela eta finalen bat irabazi ziotela oroitzen du.

Epaile bat aipatu dit baina ez da izenaz oroitzen. Adinekoa omen zen. Zorrotza. Zorrotzegia. Cuartango ote zen galdetu eta irribarre batez baiezkoa eman dit. Partidak bukatu ondoren, gustuko zutela txakolin pare bat hartzea. Plazara bidean hartzen omen zuten lehenengoa. Korderitorenean. Mondragonesenean bigarrena. Izenekin lagundu behar izan diot berriro.           

Hunkitu egin da gizona une honetan, oraindik ere, noiz behinka, Zarautzera joaten dela esan du,  malekoitik paseotxoa eman eta futbol giroaz gozatzera. Lagunak, joandako kideak. Anbientea. Kaleko euskal giroa. Begiak malkoz betetzen zaizkiola aitortu dit. Kuadrillako beste hiru gizaseme jubilatuak deika ditu eta han joan da txikitero futbolaria.

Niri ere oroitzapenak eta argazkiak pilatzen hasi zaizkit. Haurtzaroa. Txistu-burni taldea. Kamiseta txuri-gorri haiek. Loak hartu ezineko partida aurreko gau amaigabeak. Nola aitak eramaten gintuen hondartzara. Eta nola igandetan, berari laguntzen genion. Gaztaroa. Garma talde mitikoa. Lehenengo eta azken aldiz txapeldun. Senior maila. Koadrilakoekin beti. Hiru Egaña. Hiru Lukas. Hiru Elola. Eta hiru Urbieta. Bi anaia eta aita. Aupa Garma.

Haurren zelaiak markatzera joan, epaile bat behar zela eta nola ausartu nintzen ere gogoan dut. Ia konturatu gabe, antolakuntzan sartuta aurkitu nintzen. Orduzkero auskalo zenbat partida zuzendu eta zenbat banderin sartu ote ditudan.

Finaletako argazkia ere aipatzekoa. Desfilea. Futbolaren zirrara. Sari banaketa. Diamantezko ezteiak ospatzen ditugu aurten. Hauetatik berrogeita hamar gertutik, oso gertutik, bizi izan ditut.