Letren plaza bihurtuko da Zarautz beste urte batez

Ezkerretik hasita, Ibai Sarasua, Yoseba Peña, Anjel Lertxundi, Uxue Alberdi, Usua Martinez eta Itziar Iruretagoiena, aurtengo kartelak esku artean dituztela. (Amaia Urbieta Arruti)

Maiatzaren 10, 11 eta 12an ospatuko dute Zarauzko seigarren Literaturia. ’Zu naiz, Ni zara’ lelopean, egitarau oparoa prestatu dute emanaldi, azoka zein aurkezpenekin.

Guztia gertu dago maiatzaren 10, 11 eta 12an ospatuko den Literaturaren festarako. Seigarrenez, Zarauzko kaleak hartuko ditu euskal Literaturak. Atzo aurkeztu zuten aurtengo Literaturiaren egitaraua Tobacco Days liburu dendan, Donostian. Bertan izan ziren Yoseba Peña eta Itziar Iruretagoiena antolatzaileak eta jaialdiko protagonisten artean izango diren Anjel Lertxundi eta Uxue Alberdi.

Yoseba Peñak azaldu du beraien asmoa ez dela ekitaldiak antolatzea soilik. "Literatura saretu eta landu nahi dugu, irakurleak maitemintzeko". Hori dela eta, aurtengo berrikuntza nagusia azokarako bonoak izango dira. Aurreko urtean Literattipian martxan jarri zuten, eta aurtengoan, liburu azoka nagusian erabiltzeko aukera izango den bonoak emango dituzte zenbait emanalditan. Peñak azaldu du "azokaren zentralitatea" berreskuratu nahi dutela, eta horren erakusle da aurtengoan, lehen aldiz, azokaren "irekiera ofiziala" egingo dutela larunbat goizean. Era berean, gero eta argitaletxe gehiagok dituzte beren egutegietan gorriz markatuak Literaturiaren egunak. Aurtengoan, orain arte etorri diren argitaletxeez gain, Alberdinia ere izango da azokan.

Maskarak jostea eta janztea

Zu naiz, Ni zara da aurtengo leloa; horren bidez, maskararen motiboa erabili nahi izan dute literaturaren metafora gisa. "Idaztean eta irakurtzean, bietan daude maskarak presente. Beste baten larruan jartzen gara", azaldu du Peñak. Uxue Alberdik gogora ekarri ditu ikastetxeetan pasatako une deserosoak, bere liburua behartuta irakurri dutenen aurrean emandakoak. Horrekin lotuta, azaldu du "plazera" izango dela Jenisjoplin irakurtzea libreki hautatu dutenen aurrean egotea.

Anjel Lertxundik ere esker oneko hitzak izan ditu Literaturiaren antolatzileentzat eta beste hainbatentzat. Literaturaren munduan azkenaldian egin den ekimenik "garrantzitsuenetakoa" dela iritzi dio. Esker hitzak izan ditu era berean, Otto Pette liburuaren 25. urteurrenaz akordatu eta halako omenaldia prestatu dutenentzat, baina azpimarratu nahi izan du irakurleek egiten dutela posible liburu batek irautea. "Egunero egiten ditu libururen batek 50 urte, baina jendea ez da gogoratzen".

Salbatore Mitxelenaren omenez prestatutako emanaldiaz ere aritu da Lertxundi. Bere iritziz, "baztertua" izan da idazlea. "Ulertzen dut, erlijio kutsu handia zeramatelako bere idatziek". Dena den, "Euskal Herriaren egoerarekiko kontsiderazio kultural eta historiko handia" erakutsi zuen idazleak Lertxundiren ustez, eta oso egile "indartsua" zen. Horregatik, "plazera" izango da beretzat ere oholtza Alex Gurrutxaga eta Lourdes Otaegirekin partekatzea, Mitxelenari buruz solasean jarduteko.

Aurkezpena borobiltzeko, Itziar Iruretagoienak haurrei zuzendutako ekitaldien berri eman du. Nagusiki bi ataletan banatu dute haurrentzako egitaraua: ipuin kontalariak eta Literattipia. Larunbatean eta igandean izango dira ipuin kontalariak Zarautz Kirol Elkarteko egoitzan, eta igandeko ipuin-kontalariaren saioa amaitutakoan, Yolanda Arrieta (ipuin-kontalaria bera) omenduko dute Musika Plazan, Literattipiarekin batera. Ekitaldian Zarauzko lau ikastetxeetako haurrek hartuko dute. Aurreko urtean bezala, beraien arteko liburu-trukea egitea izango da asmoa, eta manifestua ere irakurriko dute.

Egitaraua:

Maiatzak 10, ostirala
18:30-19:30. Jenisjoplinen jendaurreko irakurraldia eta Uxue Alberdiri elkarrizketa, Modelo aretoan.
20:00. Iñigo Astizen Manifestua. Gero, Bertso-maskarada Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Xabier Lizaso eta Unai Gaztelumendirekin, Modelo aretoan.

Maiatzak 11, larunbata
10:00-13:00. Komiki tailerra Ainara Azpiazu Axpirekin, Etxezabalan. Izena emateko idatzi literaturia.zarautzen@gmail.com helbidera
10:20. Liburu aurkezpena Garoan: Patxi Zubizarretaren Julien Vinsoren hegaldia.
10:00-12:00. Itzulpen-tailerra (EIZIE). Mundutik euskarara labur-labur, Modelon.
13:00-13:30. Mundutik euskarara labur-labur emanaldia, Modelon.
11:00. Liburu aurkezpena Garoan: Ione Gorostarzuren Ez da erditzea.
11:40. Liburu aurkezpena Garoan: Aintzane Usandizagaren Kabitu ezina.
11:00-13:30-16:30-19:00. Liburu azoka, Musika Plazan.
11:30-12:30. Ander Iruretagoiena ipuin kontalaria, Kirol Elkartearen egoitzan.
12:30. Otto Pette eleberriaren 25. urteurrenaren harira, Patxi Santamariaren performancea eta brindisa, Anjel Lertxundi omentzeko, Musika Plazan.
13:00. Liburu aurkezpena Garoan: Miren Amurizaren, Basa.
13:40. Liburu aurkezpena Garoan: Miren Agur Meabe, Hezurren erretura.
16:20. Liburu aurkezpena Garoan: Iñigo Astizen, Analfabetoa.
17:00. Liburu aurkezpena Garoan:Juan Luis Otamendiren, Disoluzio agiriak.
17:30. Idazleen gorputzak, mahai ingurua. Eider Rodriguez gidari, Arantxa Urretabizkaia, Laura Mintegi eta Miren Agur Meabe.
17:40. Liburu aurkezpena Garoan: Beñat Sarasolaren, Deklaratzekorik ez.
18:20. Liburu aurkezpena Garoan: Ainara Maiaren, Pepito, maitasunaren.
19:00. Liburu aurkezpena Garoan:Miel Anjel Elustondoren Kezko bola batek itoak birikak.
19:00-20:40. Margolaria filma Modelo aretoan. Ondoren, Mikel Urdangarini elkarrizketa musikatua Karmele Jaioren eta Oier Aranzabalen eskutik.


Maiatzak 12, igandea
11:00-13:30. Liburu azoka, Musika Plazan.
11:20. MPK: Idea Vilariño eta Cesare Pavese, Garazi Arrula eta Jon Olano Carlosen eskutik.
11:30-12:30. Yolanda Arrieta ipuin kontalaria, Kirol Elkartearen egoitzan.
12:00. Liburu aurkezpena Garoan: Amaia Uriaren Mayi Pelot.
12:30. Literattipia eta Yolanda Arrietari aitortza.
12:40. Liburu aurkezpena Garoan: Tupust! Kolektiboaren Tupust!.
13:20. Liburu aurkezpena Garoan: Edu Zelaietaren Mundutik mundura.
13:30. Salbatore Mitxelenaren jaiotzaren 100. urteurrena dela eta, mahai ingurua. Alex Gurrutxaga gidari, Anjel Lertxundi eta Lourdes Otaegi. Sara Gabirondok Libe Gastañaresek, Danel Aizpitartek eta Janet Stangerrek musikatuko dituzte Mitxelenaren hainbat poema, Modelo aretoan.
17:30. S(u/a)minetik bakera. Patxi Lurra eta Mudoh-ren emanaldia bideo, testigantza eta testuen irakurketekin, Ana Galarragaren eta Imanol Epelderen parte hartzearekin, Modelo aretoan.