Zarauztik Mundura, hamabigarrenez

"Hizkuntza aniztasuna" izan du ardatz aurtengo Zarauztik Mundura jaialdiak: "Herrian gutxienez 35 hizkuntza hitz egiten dira". Egun osoko egitaraua izan da Zinema pilotalekuan; besteak beste, janari dastaketa, tailerrak eta dantzak.

Aurten hamabigarrenez antolatu dute Zarauztik Mundura jaialdia. "Hizkuntza aniztasuna" izan dute ardatz oraingoan; izan ere, Iratxe Zorrozua immigrazio zinegotziaren esanetan, "herrian gutxienez 35 hizkuntza hitz egiten dira". Hala, egitaraua prestatzean, gai hori hartu dute helduleku nagusi.

Gaur, larunbata, egun osoko egitaraua izan da Zinema pilotalekuan. Janari dastaketa egin dute eguerdian; besteak beste, Argentina, Bolivia, Guatemala, Italia, Kolonbia, Maroko, Nikaragua, Peru, Sahara edota Senegalgo janaria eskaini dute. Musika ere protagonista izan da jaialdian, eta Zarautz Txiki abesbatza, Senegalgo Sapali Keur Gui taldea eta Fusion H aritu dira pilotalekua girotzen. Arratsaldean tailerrak egin dituzte, hala nola, ipuin kontalaria hizkuntza desberdinetan, henna, Guatemalako oskolak edota buztin tailerra. Bestalde, dantza desberdinak ikusteko aukera izan dute bertaratu direnek; boliviarrek, hondurastarrek eta sahararrek egin dute dantza.