Bi harri-jasotzaileren arteko apustua izan zen atzo, larunbata, Azpeitiko zezen plazan. Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a zarauztarra eta Imanol Albizu Goikoetxe elgetarra aritu ziren nor baino nor, 125 kiloko kubikoa hamarna minutuko hiru txandatan zeinek gehiagotan altxatu. Eta erraz, bost altxaldiko aldearekin, Goikoetxe nagusitu zen erronkan; zarauztarrak 116 aldiz altxatu zuen harria, eta elgetarrak 121 aldiz.
Izeta IV.a izan zen lanekin hasten lehena, eta aurreneko tandan 40 aldiz jaso zuen harria. Haren atzetik egin zituen lanak Goikoetxek, eta hark 41 altxaldi egin zituen. Bigarren tandan, nabari zitzaion Izeta IV.ari kostatzen ari zitzaiola, eta 39 aldiz jaso zuen harria; elgetarrak, berriz, 40 altxaldi egin zituen. Azken tandan, 37 baleko altxaldi egin zituen zarauztarrak -haietako bat baliogabea izan zen-, eta indartsu jarraitzen zuen Goikoetxek oraindik; hark beste 40 altxaldi egin zituen.
Harri-jasotzaileak pisatu egin ziren probarako, eta bien artean badago aldea. Izeta IV.ak 90 kiloko pisua du, eta Goikoetxek 113koa. Zarauztarrak 33 urte ditu, eta 1,75 metro luze da; elgetarrak, berriz, 31 urte ditu eta 1,83 metroko altuera du.
Erronka amaitzean, elkar besarkatu ziren bi harri-jasotzaileak. Proba gogorra izan zen atzokoa, eta eguraldi txarra izanagatik, jende ugari bildu zen zezen plazan. Apusturako 6.000 euro jarri ditu alde bakoitzak, eta beraz, 12.000 euroko diru poltsa bereganatu du Goikoetxek.