Hondakinak aztertu dituzte Agenda 21eko udalbatzarrean

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 8a, 10:47

Gaur bildu dira Zarauzko sei ikastetxetako ikasleak, Agenda 21 programaren barruan, hondakinen inguruan hitz egiteko. Monte Albertia Lanbide Heziketa Zentroak bat egin berri du proiektuarekin, eta hemendik aurrera, zazpi ikastetxek parte hartuko dute.

Gaur, asteazkena, Agenda 21eko udalbatzarra egin dute Zarauzko udaletxean, 10:00etan hasita. Herriko sei ikastetxetako ikasleak bildu dira; hain zuzen, La Salle Ikastetxekoak, Antoniano Ikastetxekoak, Orokieta Herri Eskolakoak, Salbatore Mitxelena Ikastolakoak, Lizardi Institutukoak eta Oteitza Lizeo Politeknikokoak.

Hondakinak izan dituzte hizpide aurtengo saioan. Ikasturtean zehar, hausnarketak izan dituzte ikastetxe bakoitzean, eta gaia lantzeko ekintzak aurrera eraman dituzte. Hala, ikasleen ordezkariek gaur aurkeztu dituzte leku bakoitzean ateratako ondorioak eta abiatutako ekimenak zein proposamenak.

Orain arte Zarauzko sei ikastetxek parte hartu dute Agenda 21 programan, baina hemendik aurrera, zazpi izango dira. Izan ere, Monte Albertia Lanbide Heziketa Zentroak bat egin berri du proiektuarekin, eta ikastetxeko zuzendaria, Nora Amorena, gaurko udalbatzarrera bertaratu da.