Udal eta Foru Hauteskundeak

EH Bilduk asteburuan abiatuko ditu kanpainako ekitaldiak

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 8a, 12:30

Ostiralean izango da ekitaldia nagusia, eta Itziar Murua alkategaiak, Juan Karlos Izagirrek eta Maddalen Iriartek parte hartuko dute. Igandetik aurrera, herriko hainbat auzotan egingo dituzte agerraldiak.

Maiatzaren 26an izango dira udal eta foru hauteskundeak, eta Zarauzko EH Bilduk asteburuan jarriko ditu martxan maiatzeko kanpainako ekitaldiak. Bihar, osteguna, kartelak jarriko dituzte herriko kaleetan, eta bertan izango da Itziar Murua alkategaia. Ostiralean egingo dute ekitaldi nagusia, 19:00etan Lege Zaharren Enparantzan. Itziar Muruak, Juan Karlos Izagirrek eta Maddalen Iriartek parte hartuko dute, eta baita Gipuzkoako gainontzeko zerrendakideek ere.

Igandetik aurrera, herriko hainbat auzotan egingo dituzte agerraldiak EH Bilduko kideek, auzokideei herri programa ezagutarazteko. Ondorengoa da ekitaldi guztien egutegia:

  • Maiatzak 11, igandea. 13:00etan Iñurritzan
  • Maiatzak 15, asteazkena. 19:00etan Vista Alegren
  • Maiatzak 16, osteguna. 19:00etan Azken Portun
  • Maiatzak 17, ostirala. 19:00etan Itxasmendin
  • Maiatzak 18, larunbata. 13:00etan itsas pasealekuan

Maiatzaren 19an, igandea, EH Bilduren Gipuzkoa mailako ekitaldi nagusia izango da Donostian. Gipuzkoako alkategai guztiak bertaratuko dira, Itziar Murua barne. Maiatzaren 24ean, ostirala, Zarauzko EH Bildukoek Lege Zaharren Enparantzan egingo dute itxiera ekitaldia, 20:00etan. Bestalde, hauteskunde egunean, maiatzak 26, kontaketa gaua izango da 20:00etatik aurrera, Musika plazan.