'Napardeath' filma emango dute Putzuzulon igandean

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 9a, 08:30

"Zumalakarregi zonbia" da filmeko protagonista, eta ekoizleek azaldu dutenez, banpiro jeltzaleak eta momia abertzaleak" ere ageri dira. Igandean emango dute Putzuzulo Gaztetxean, 19:00etatik aurrera.

Pasa den igandean, maiatzak 5, Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu zuten Napardeath filma, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen barruan. Katihotsak Logia Kultur Elkarteko kideek sortu dute ikus-entzunezko lana, eta Beñat Iturriozek egin ditu zuzendari lanak. Filmean "zonbi karlistak, banpiro jeltzaleak eta momia abertzaleak" ageri direla iragarri dute ekoizleek.

Datorren igandean, maiatzak 12, Zarauzko Putzuzulo Gaztetxean emango dute Napardeath, 19:00etatik aurrera. Paradisu Zinema egitasmoaren barruan antolatu dute emanaldia.

Hona hemen filmaren sinopsia osorik: "Lehenengo filmean berpiztu eta bigarrenean Eusko Alderdi Banpiroa garaitu ondoren, Zumalakarregi zonbia Iruñera abiatuko da bere burua euskaldunen errege izendatzeko asmoz. Bidea ez da uste bezain erraza izango ordea, Ezker Abertzaleak Antso Azkarra momia berpiztuko baitu, nafar erresuma berrezarri eta tronua berreskuratzeko asmoz. Nor izango da garaile tronua lortzeko dema horretan?".