Cabreiroa Pro Zarautz 2019

Bederatzi surflari zarauztar, etxeko txapela lortzeko borrokan

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 8a, 13:34

Gaur hasi da Cabreiroa Pro Zarautz Basque Country, presented by Oakley surf txapelketa. Datozen egunetan munduko txoko ezberdinetatik heldutako 170 ariko dira surfean Beraza inguruan, eta haietako bederatzi zarauztarrak izango dira.

Bederatzi izango dira datozen egunetan Pro Zarautzeko txapela eskuratzeko borrokan ariko diren surflariak. Haietako zortzi gizonezkoak, eta bakarra emakumea. Azken hau Nadia Erostarbe da, eta Oier Illarramendi probako zuzendariak txapeldun izateko "aukera askorekin" ikusten du hemezortzi urteko zarauztarra.

Gizonezkoetan, urtez urte errepikatzen diren hainbat izen daude. Beteranoen artean dira Aritz Aranburu eta Hodei Collazo. Biak ala biak hirugarren errondan ureratuko dira. Horiez gain, Adur Amatriain, Roberto Letemendia, Lander Davila, Iker Amatriain, Ruben Vitoria eta Kaoni Lasa ere izango dira txapelketan.

Lasa izango da lehena uretara sartzen; lehen Pro Zarautz txapelketa izango da hamahiru urteko gaztetxoarentzat.

Olatuen gorabeherak

Gaurko olatuak txikiak ari dira izaten momentuz, baina arratsalderako handiagoak izatea espero da. Bihar goizerako bi metro inguruko olatuak iragarri dituzte, eta arratsaldean itsasoaren egoera surferako egokia izango da, baina haizea dago aurreikusita. Ostiralean, berriz, baldintza nahiko kaskarrak iragarri dituzte, eta larunbatean egoerak onera egingo du. Dena den, aurreikuspenak edozein unetan alda daitezke.