"Itzultzaile lanetan etengabe janzten eta eranzten dira maskarak"

Amaia Urbieta Arruti 2019ko mai. 9a, 09:30
Itzulpengintza tailerraren arduraduna eta Literaturia jaialdiko antolatzaileetako bat da Ibai Sarasua Gartzia. (Amaia Urbieta Arruti)

Itzultzailea da Ibai Sarasua Gartzia ofizioz. Aurreko urtean Literaturiako itzulpengintza tailerrean parte hartu zuen, eta aurten, antolakuntza lanetan aritu da buru-belarri.

Bihar emabgo diote hasiera Literaturiari. Egitarauaren barruan antolatutako itzulpengintza tailerra antolatzen aritu da Ibai Sarasua Gartzia (Irun, 1995) itzultzailea. Tailerra larunbatean izango da, 10:00etatik aurrera, Modelo aretoan.

Zein bilakaera izan du itzulpengintza tailerrak Literaturian?
Literaturiaren azken edizioetan EIZIE-k (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretatzaileen elkarteak) antolatu izan du tailer hau, baina ez da beti berdina izan. Hasieran, poesia itzulpen tailerra izan zen, eta itzulitako poesiekin bideoak azpititulatzen zituzten. Iaz, mikroipuinen inguruko tailerra izan zen eta aurten erabaki dugu formatua apur bat aldatzea. Orokorragoa izango da, literatur testu laburren tailerra.

Tailerra eta emanaldia eskainiko dituzue. Zer egingo duzue atal bakoitzean?
Egitasmoak bi zati ditu, bai. Itzulpen tailerrean parte hartuko dugu dagoeneko izena emanda gaudenok. Bertara eramango dugu bakoitzak aukeratutako testu baten itzulpena, eta tailerrean guztion lanak elkarbanatuko ditugu. Horrekin batera, partekatuko ditugu itzulpen prozesuan izan ditugun ezinegonak, zalantzak... testu guztiak fintzeko asmoz.

Emanaldia 13:00etan izango da. Hasieran testuen jatorrizko hizkuntzako irakurleek testu horiek jatorrizko forman irakurriko dituzte, eta gero itzultzaileok irakurriko ditugu euskaraz, geuk itzulitako testuak. Horrekin jolastea da asmoa; emanaldia musikatua izango da.

Zein hizkuntza entzuteko aukera egongo da?
Hizlari edo irakurle bila gabiltza, baina, oraingoz, batzuk aipatzearren, arabiera, errusiera, ingelesa, quichua... Nik jatorriz hindiz idatzitako bi poema aukeratu ditut. Noski, zubi-hizkuntza bat erabili dut, hindia ez dagoelako nire hizkuntza konbinaketetan.

Itzultzaileen lana ikusgarria al da?
Beti esan izan da ezkutuko ofizioa dela, ikusgarritasun txikia eduki duena. Aldi berean, oso garrantzitsua da literatur sistema batean, eta are gehiago gurea bezalako literatur mundu txiki batean. Itzulpengintzak asko ekarri dio euskal literaturaren panoramari eta are gehiago dauka ekartzeko.

Azpimarratu nahi dugu nola itzulpengintzak zubi moduan funtziona dezakeen, eta erakutsi nahi izan dugu zer aniztasun ekar dezakeen gure literatur sistemara. Horregatik nahi izan dugu ahalik eta hizkuntza konbinaketa gehien lortu. Hori izan da aurtengo apustua.

Literatur genero jakin batzuk beste batzuk baino zailagoak izango dira, ezta?
Batzuk ariketa zailak dira bai, baina beste edozein ariketa bezala jardunak perfekzionatzen du, edo behintzat irakasten dio itzultzen ari den horri. Badaude gauza batzuk itxuraz errazagoak direnak beste batzuk baino. Demagun, metrika jakin bat eta errima zurruna duen poema bat itxuraz oso zaila izango da itzultzen. Akaso, poesia libre batek errazagoa eman dezake, baina gorde ditzake zenbait ñabardura. Orduan, itzulpena sorkuntza ere bada. Beti eskuratuko duzu jatorrizkoak ez zeukan zerbait eta beti galduko duzu zerbait.

Sortzea bezain zaila al da itzultzea?
Zailtasun desberdinak dira, itzulpengintzan beti daukazu inspirazio iturri bat, baina bidea akaso falta zaizu. Sorkuntzan, berriz, kontrakoa gerta daiteke.

Ardura gehigarria al dauka itzultze lanak?
Bai, ez duzulako soilik zure izenean lan egiten. Hain justu, ez da zure izena jendeari iritsiko zaion lehenengoa, iristen bazaio. Egilearena izango da berak jasotzen duen izena. Orduan, nolabait arduradun bihurtzen zara sorkuntza hori  beste baten izenean jasotzen duzulako. Hain justu, maskararen gaiarekin bat dator hori. Itzultzailearen izena batzuetan ikusgarri dago eta beste batzuetan ez, baina beti erantzi behar du zerbait eta beti jantzi behar du autorearen maskara.

Erlazionatuak